GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Garaile oraindik

Hondarribian «betiko alardea» oihuka ibiltzen diren horiek pozik geratuko ziren azkenekoan, festa parekidearen aldeko Jaizkibel konpainia beste behin plastiko beltzen artean desfilatzen ikusita. Konpainia mistoa ikusezin bihurtzeko plastikook inoiz baino gutxiago izan omen ziren; konpainia horretan inoiz baino lagun gehiagok hartu ei zuen parte; erakunde ugaritako ordezkariak bertan izan ziren euren babesa agertzen. Laburbilduta, nabarmena da azken hogei urteotako lan eskergak fruituak eman dituela, garai bateko irainek, presioek eta mespretxuek, giro itogarri eta jasanezin hark, indarra galdu duten heinean.

Halere, Alarde tradizionalak partida horretako garaile izaten jarraitzen du oraindik Hondarribian. Garaile bihurtzen dute Alarde tradizionala, eta baztertzailea, plastiko beltzak eta konpainia mistoaren kontrako pankartak ateratzen jarraitzeko irmotasuna erakusten duten herritar horiek guztiek, eta berauek babesten dituztenek, dela jarrera aktiboarekin, dela pasiboarekin, hogei urteren ondoren argi utzi nahi dutenean ez direla ahuldu, ez direla ez bizikidetzara, ez guztion onerako konponbidera, ez berdintasunaren aldarrira hurbildu, ezta asmorik ere. Argi uzten duten neurrian, halaber, ez direla gutxi, nahiz eta garai batean baino gutxiago, ez direla guztiak gizonezkoak, ezta gutxiago ere, eta ez direla aitona-amonak, emakumezkoak eta, asko, gazte-gazteak baizik. Alardean, berdintasunari dagozkion beste kontu ugaritan bezala, datu hori da kezkagarrietan kezkagarriena: gazteen jarrera, eta gazteen barruan, neskatilena eurena. Alardeko argazkiei erreparatuta, plastiko erakusleen aurpegiak eta adinak kontuan hartuta, argi ikusten da antzinako zenbait balio eta jarreren transmisioak badirauela. Zehazki, gatazka honen behin betiko amaierak urrun dirudi, gazte horiek heldu ahala etorkizunean ere berdin jokatuko ote duten pentsatzen jarrita. Eta jarri beharra dago.

Bestetik, garaile bihurtzen du Ertzaintzaren jarrerak. Izan ere, erlaxazio handiz jokatu zuten Segurtasun Sailaren ebazpenean emandako gomendio eta aginduak bete ez zituztenei dagokienez; alegia, plastiko beltzez berdintasunaren gauzatzea estalarazten jarraitu zuten horiei dagokienez. Bitxia da, nolabait esatearren, Ertzaintzak beste ebazpen mota batzuk zer nolako prestutasun eta zorroztasunarekin betearazten dituen ikusita. Kasu honetan, ordea, «muzin egin diote, zer egingo diogu ba» jarrera hartu zuen, malgutasunaren bidez ebazpena bete zutenei ekintza horren balioa kenduta.

Azkenik, eta batik bat, garaile bihurtzen du Alarde tradizionala Aitor Kerejeta Hondarribiko alkateak, dena «normal» joan zela esanez, babesik agertu gabe Jaizkibel konpainiari, Segurtasun Sailaren ebazpena bete ez zutenei kargu hartu gabe eta ikusleen jarrera «zoragarria» txalotuz. Kanpoko ordezkari instituzionalen esku utziz festa parekidearen aldeko hondarribiarren babesa. Herriaren alkateak izan beharko luke lehena adierazten, argi eta ozen, berdintasunaren alde ez dagoela aitzakiarik, eta kontra, aldiz, balioa izango duen inolako tradizio zaharkiturik. Presioei aurre eginez, behingoz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo