GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Herri kirolak Zazpi Herrialdeetako Txapelketa

Erregularrenak izan ostean, txapela gipuzkoarrentzat

Lapurdiren aurrerakada nabarmena izan zen. Hirugarren geratu zen, baina garaipena lortzetik oso gertu.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Gipuzkoak irabazi zuen herenegun Baigorrin jokatu zen Zazpi Herrialdeetako Txapelketa. Lehia handia izan zuen Nafarroarekin eta Lapurdirekin, biak puntu bakar batera geratu baitziren. Jendeak ere erantzun ona eman zuen, aurretik pentsa zitekeena bezain ona ez izan arren.

Herenegungo saioak ondorio batzuk utzi zituen, era guztietakoak. Alde batetik, garbi dago urteko herri kirol saio garrantzitsuena izatetik oso urruti dagoela, eta ikusi besterik ez dago kirol bakoitzeko onenak ez zirela izan lehian, batzuk falta baitziren. Bestetik, Lapurdiren aurrerakada aipatu beharra dago. Azken urte hauetan oso nabarmena izan da, eta jadanik onenen parean dago. Herenegun txapela lortzetik oso gertu geratu zen. Gauzak oso ongi egiten ari den seinale da hori.

Bestetik, Bizkaiaren beherakada oso nabarmena izan da. Iaz nabaritu zen, eta aurten are gehiago igarri da. Bitan zatituta dago, eta alferrikakoa da elkarri errua botatzen aritzea, horrek ez baitio inori laguntzen. Bestalde, Araba ere behera joana dago, eta hortxe geratu da.

Gainerakoan, aldaketa gutxi. Gipuzkoa izan zen onena, baina puntu bakar bateko aldea kendu zien Nafarroari eta Lapurdiri. Nafarrak txapel gehiago dituztenez, bigarren postua beraientzat izan zen. Guztira, hamar kiroletan jardun ziren, eta guztira Gipuzkoak horietako hirutan irabazi zuen.

Agirregabiria atera zen garaile txinga-eroatean; Agirreurreta, lasto altxatzen; eta Ibarra, sokatiran. Proba honek erabaki zuen, gainera txapela. Izan ere, Ibarra eta Ñapurrak taldeen artean egon zen lehia, eta gipuzkoarrak gailendu ziren. Lapurtarrek irabazi izan balute, beraiek lortuko zuten herenegungo txapela.

Nafarroa lau kiroletan izan zen nagusi, baina ez zen erregular aritu. Zaku-lasterketan, lokotx-biltzean, ingude-altxatzean eta trontzan izan ziren onenak. Bizkaiak ez zuen lan ona egin, baina bi saioetan gailendu zen. Atutxak aizkorako proba irabazi zuen, eta Urruzonok, harriak jasotzen. Lapurdik, berriz, bat irabazi zuen, Cassuso izan baitzen orga-jokoan onena. Aurrez iragarrita zegoen bezalaxe, Zuberoak ez zuen parte hartu, jendea falta baitzuen taldea osatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo