harri-zulatzea
Egañak, Hidalgok eta Maldonadok irabazi dituzte Galdakaoko hiru txapelak
J.L.
Janire Egaña eta Edu Hidalgo txapelketa mistoan, eta Susana Maldonado, nesketan, izan ziren atzo Galdakaon jokatu ziren Euskal Herriko Txapelketako garaileak. Jendeak bikain erantzun zuen, eta kirolariak ere ez ziren gutxiago izan.
Txapelketa mistoa ikaragarria izan zen; emozioa izan zen eguerdiko protagonista nagusia. Hiru bikoteek ere oso maila bertsua zuten, eta amaieran zentimetro gutxi batzuek erabaki zuten auzia.
Garaipena Janire Egañak eta Edu Hidalgok lortu zuten, 8 zulo egin eta 12,9 zentimetro zulatu zituzten. Hori nahikoa izan zen garaipena eskuratzeko, baina gainerako bi bikoteak ere gainean izan zituzten. Bigarren postuan Susana Maldonado eta Juan Gutierrez sailkatu ziren. Horiek ere 8 zulo egin zituzten, baina 9,5 zentimetro. Hirugarren postuan sailkatu ziren Salud Bueno eta Gonzalo Rufrancos. Hauek ere 8 zulo egin zituzten, baina 4,7 zentimetro, eta brontzezko domina jasotzea egokitu zitzaien.
Emakumezkoetan, berriz, bakarkako txapelketa jokatu zen, eta Susana Maldonadok jantzi zuen txapela. Txapelketa mistoan bezalaxe, hemen ere zentimetro gutxi batzuek erabaki zuten norgehiagoka.
Susana Maldonadok 2 zulo eta 11 zentimetroko marka egin zuen, eta bigarren postuan sailkatu zen Salut Buenok ere bi zulo egin zituen, baina 9,9 zentimetro. Hirugarren postuan Janire Egaña geratu zen, berak ere bi zulo egin zituen, baina 8,6 zentimetro. Hiru kirolariek maila oso antzekoa dute.