GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora

Juanjo Lopezek irabazi ditu Txapeldunen Ligako bi norgehiagokak

J.L.

Juanjo Lopezentzat asteburu bikaina izan da, Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako bi norgehiagokak irabazi ditu. Herenegun Erasuni gailenduta eta atzo Otaegiri.

Herenegun, Juanjo Lopezek erraz hartu zuen mendean Ander Erasun. Jon Rekondok aritu behar zuen, baina Zazpi Herrialdeetako Txapelketan lehiatu behar zuenez, Ander Erasunek bete zuen leitzarraren lekua.

Lehen zatian lehia estua izan zen, batez ere aurreneko bi probetan. Gauzak, zutik jarritako enborrarekin hasi ziren argitzen, hor Lopezek duen eskarmentua agerian jarri baitzuen. Hala ere, alderik handiena iraupen proban egon zen. Lau kana-erdiko mozten Lezaungo beteranoak minutu bat kendu zion Aurtizko gazteari. Lan guztiak burutzeko 27 minutu eta 9 segundo behar izan zituen Juanjo Lopezek, eta 28 minutu eta 43 segundo, berriz, Ander Erasun gazteak.

Atzo, Joseba Otaegi zizurkildarra hartu zuen mendean. Gipuzkoarrak kolpekako saioa eta erlojuz kontrakoa bereganatu zituen, baina gainerakoak Lopezek irabazi zituen. 24.11 izan zen aizkolari nafarraren azkeneko denbora eta 26.12, berriz, Joseba Otaegirena.