GARA > Idatzia > Kultura

Dendak, sorkuntza tailerrak eta musika estudioak kalera atera dira asteburuan Kutxa Kultur Hiriarekin

Ekaineko lehenengo edizioko arrakasta ikusita, Kutxa Kultur Hiria jaialdia bigarrenez egin dute Donostian asteburuan. Hiriko kaleak hainbat arlotako sorkuntzez bete ziren, eta jendeak ondo erantzun du.

p049_f02.jpg

N. BELASTEGI | GARA

Donostiako erdiguneko kaleak azoka bilakatu dira asteburuan zehar. Izan ere, Kutxa Kultur Hiria jaialdiari esker, moda, artea, artisautza, musika eta elkartasuna edonoren eskura izan dira. Ekainean egin zuten ekimen honen lehendabiziko edizioa eta izan zuen arrakasta ikusirik, irailean errepikatuko zutela hitzeman zuten antolatzaileek. Esan eta egin. Larunbatean eta igandean donostiarrek nahi beste gozatu zuten kaleko giroaz, eguzkia lagun, larunbat gauean eta igande goizean euriak ekitaldia zapuztuko zuela bazirudien ere.

«Espazio ireki» hau, jendearentzat aisialdirako gune bat izateaz gain, sortzaileentzat ere aukera aparta da euren lanak gizarteratzeko, zailagoa delako hori lortzea lan egiten duten tailerretik kalean bertan arituta baino. Honen adibide argia da Edorta Subijanarena. Bera arkitektoa da eta horretaz baliatuz Donostiako argazkiak bere diseinuekin uztartu ditu. «Urbanismo legeei jaramonik egin gabe, hirian zenbait gauza eraikitzeko proposamena egiten dut infografiekin», azaldu zigun Subijanak. Irudi horiek kalera atera zituen eta, ustekabean, batzuk saldu zituen. «Egia esan, nik uste baino gehiago interesatu zitzaizkion nire irudiak jendeari», aitortu zigun. Aurrekoa esperientzia ona izan zelako, oraingoan ere bertan izan da eztabaida sortzeko asmoarekin.

Saretik kalera, kaletik sarera

Arkitektoak azaldu bezala, «Kutxa Kultur Hiriaren helburua da kalea berreskuratzea sare sozial moduan», Facebook motako plataformak alde batera utzita. Sare sozialaren izaera hori kaleratzearen irudikapenik literalena Foro Solidarioa izan zen. Garbiñe Etxezarreta da gune horren arduraduna. «Gure helburua www.gipuzkoasolidarioa.info plataforma saretik kalera eramatea da, jendeak Gipuzkoan egiten ari dena ezagut dezan». Plataforman, alde batetik, elkarteek euren egitasmoen berri eman dezakete, eta bestetik, laguntza behar dutenak laguntza hori eskain dezaketenekin harremanetan jar daitezke.

Donostiako gunean Facebook horma handi bat egin zuten eta elkarte bakoitzak txoko bat zuen. Bertan, elkarte bakoitzarentzat garrantzitsuak diren hiruzpalau esaldi ageri ziren eta parte hartu nahi zutenek, sare sozialean egiten den bezala, «atsegin dut» esaten zioten gustuko zituzten sei elkarteei. Honen xedea ez zen elkarte irabazle bat hautatzea -denak zeuden «atsegin dut» esan nahi zuten koloretako zintez beteak-, baizik eta jendeari jakinaraztea zenbat elkarte solidario dauden gurean. Etxezarretak adierazitakoaren arabera, espero dute orain erabiltzaile aktibo gehiago izatea Interneteko plataforman.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo