GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Glisseguna 2013 Aurten ere txapelketa bikaina Iparraldeko ikastolen alde

Urtetik urtera gero eta lehiakide gehiagok hartzen du parte Iparraldeko ikastolen alde antolatzen den surf txapelketan. Giro bikaina, olatu ederrak eta sekulako surf maila izan da Angeluko Zaldunen hondartzan. Glissegunaren 11. edizioa arrakastatsua izan da oso.

p046_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Aurten ere bikaina izan da Glisseguna. Inork gutxik pentsatuko zuen orain hamaika urte, txapelketa hau egiten hasi zirenean, halako arrakasta izatera iritsiko zenik. Egun, ospe handia hartu duen surf txapelketa hau, ordea, ez da beste edozein bezalakoa; izan ere, protagonista nagusia ez da surfa, euskara baizik.

Iparraldeko ikastolen elkarteko gurasoak beren seme-alabek egiten zuten kirola euskaraz ere egin zitekeela frogatzeko hasi ziren surf txapelketa antolatzen. Egun, surfa bakarrik ez, skatea, eta beste zenbait kirol ere egiten dira lerra ariketak eta euskara bultzatzeko urtero Angelun antolatzen den egun honetan.

Lapurdi Surf

Surf txapelketa bat antolatzea ez da gauza erraza; babesleak bilatu behar dira, muntaketa lanetan lagunduko duten kideak, epaileak, eta parte hartzaileengana ere iritsi beharra dago, lehiaketan izena eman dezaten.

Lan hau guztia ez dute ikastolako haurren gurasoek egiten, surflariek beraiek baizik, eta kasu honetan, zehatzago izateko, Lapurdi Surf taldeak hartzen du txapelketa antolatzeko ardura. Elkarteko kideen artean noski, badira seme-alabak ikastolara eramaten dituzten surflariak; beraz, horrelako egun batean gogotsu aritzen dira lanean.

Lapurdi Surf taldea forma hartzen doan neurrian bertako kideek antolatzen dituzten ekimenek ere gero eta oihartzun handiagoa dute.

Aurtengo Glissegunerako deialdia egiteko bideo ikusgarria egin zuten eta horrek parte hartzean ere eragin zuen. Izan ere, aurtengoan parte hartzea oso zabala izan da; guztira 80 pertsonak hartu dute parte 2013ko Glissegunean. Hala eta guztiz ere, aurtengo edizioan behintzat, Hego Euskal Herritik etorritako surflarien kopuruak nabarmen egin du behera.

Neskak bikain

Hiru kategoria desberdin izan dira aurtengoan, batetik neskak, bestetik 16 urte bitarteko lehiakideak, eta azkenik taldekako lehia (Tag-Team). Azken honetan gainera, surfa egiteaz gain, txapela jaurtiketan eta sokatiran ere talde gisa duten abilezia erakutsi behar izaten dute lehiakideek.

Nesken kasuan zortzi lehiakide izan ziren guztira. Maila altua erakutsi zuten, batez ere igande goizean, izan ere finalean olatuak indartsuak ziren eta kosta egiten zen urautsira iristea. Hala ere, sasoi ezin hobean daudela erakutsi zuten lehiakideek eta olatua hartzen zuten bakoitzean ariketa politak egiten zituzten. Ana Moreau izan zen irabazlea eta bere atzetik Camille Davila.

Gastetxoak indartsu

Hamasei urte bitarteko kategorian indarra nabari zen. Guztira 32 mutikok hartu zuen parte, batzuek oso gazteak, eta denek sekulako maila erakutsi zuten. Ziur aski, momentu honetan, Europa mailako surflari gazteen harrobi garrantzitsuena Angelu eta Biarritz inguruan aurkitzen da.

Larunbatean olatuak ez ziren metro batera iristen eta nahieran aritu ziren lehiakide gazteak. Igandekoa, aldiz, ikusgarria izan zen, bi metroko olatu indartsuetan lehiakide gazteek zer nolako adore eta abilezia erakusten zuten ikustea plazera izan zen Zaldunen hondartzara jo zuten ikusleentzat.

Lehen postua Lens Arancibiak eskuratu zuen eta bigarrena, berriz, Julen Laporte gazteak.

Talde bihurriak

Tag-team edo taldekako lehia, berriz, inoiz baino arrakastatsuagoa izan zen. Urtetik urtera jende gehiagok hartzen du parte eta horrek sekulako kolorea ematen dio txapelketari, kategoria honetan parte hartu nahi duen orok bete beharreko baldintzetako bat mozorrotuta itsasoratzea baita.

Taldekako lehian garrantzitsuena ondo pasatzea da, eta hori helburu ez da kanporaketarik izaten. Batzuek olatua hartu eta beren burua goitik behera botatzen zuten, taldekideek ziztu artean animoak ematen zizkieten bitartean. Olatu bikoitza hartu behar zuen taldekideak olatua amaitzean besoak jasotzea ahazten zuenean ere sekulako iskanbila izaten zen lehorrean; izan ere, taldekideak epaileei oihuka eta txilioka hasten ziren. Sekulako giroa izan zen, beraz, taldeen arteko lehian.

Uretatik kanpo gauza gehiago ere egin behar zituzten, ordea, taldekako lehiakideek, eta hor hasten ziren komeriak; izan ere, batzuek, itsasoan oso ongi moldatu arren nahiko lan bazuten haizearen kontra txapela jaurtitzen. Edo gaztetxoenen kasuan, esaterako, uretan eta txapela jaurtitzen bikain aritu arren, gero sokatiran lan handia izan zuten hankak hondarretan iltzatuta mantentzen.

Parte hartu zuten hamasei taldeen artean batek eraman behar zuen txapela, eta kasu honetan ere gaztetxoak nagusitu ziren. Beren taldeari «Les Vignoles» edo «Ardoak» jarri zioten izena Biarritzeko gazte kuadrilla batek, eta bikain aritu ziren txapelketa osoan zehar, baina batez ere igandean erakutsi zuten zertarako gai diren, finalean ikuskizun itzela eman baitzuten.

Giro ezin hobea izan zen, eta txapelketa amaituta datorren urterako gogoz direla errepikatzen zuten parte hartzaileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo