GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari Ernegatua

Hondar aletxoak jarrita egingo dugu Euskal Hondartza

Lapurdiko surflari batzuk urautsietan euskararen presentzia handitzeko egiten ari diren lana txalogarria eta eredugarria da, batez ere gauzak egiteko duten moduagatik. Bakoitzak bere hondar aletxoa jarri behar du, alez ale hondartza bat osatzeko. Aleak hitzak badira eta hondartza, hizkuntza, horra guztiok batuko gaituen hondartza, euskal hondartza.

Aurten ere sekulakoa izan da Glisseguna. Olatuak eskasak direnean giro itzela izaten da txapelketa honetan, baina olatuak lagun direnean, giroa bakarrik ez, dena bilakatzen da zoragarri. Izan ere, lehiakideen umorea are eta hobea da, ikusleek gehiago gozatzen dute, jende gehiago gerturatzen da, Seaskako gurasoek xingar talo gehiago saltzen dute, baita garagardo gehiago ere, eta horrela, Glisseguna, surfa, euskara eta giro ezin hobea uztartzen dituen festa bilakatzen da.

Ipar Euskal Herriko surflari batzuk urautsietan euskararen presentzia handitzeko egiten ari diren lana txalogarria bakarrik ez, eredugarria ere iruditzen zait, batez ere gauzak egiteko duten moduagatik. Zenbait lan nork egin behar dituen jakin eta eginbeharrak dakien jendearen artean delegatzeko gaitasuna izatea ez da gutxi; izan ere, ohikoena pintorea patatak zuritzen jarri eta sukaldaria margotzen jartzea izaten da.

Urtetik urtera euskaraz ikasten hasi diren surflariak gero eta gehiago direla eta, batez ere, euskararekiko duten begirunezko jarrera egiazkoa dela ikustea zinez pozgarria da, baina erronka erraldoia da. Izan ere, euskararen erabilera oso urria da Lapurdiko kostaldean.

Glissegunean ere badira hutsuneak. Parte hartzen duten gaztetxoen artean badira euskaraz bikain dakiten lehiakideak, baina elkarren artean ez dute hitz bat bera ere euskaraz egiten. Surflari bikainak dira, maila handikoak, egunen batean surflari ezagunak izango dira eta, Hego Euskal Herriko surflari famatuek egiten duten moduan, ziur aski, ez dute hitz bat euskaraz egingo, beren ondoan, euskara ikasi eta erabiltzeko sekulako esfortzua egiten ari diren bitartean.

Zentzu horretan ez dut uste Bizkaiko egoera Lapurdikoa baina hobea denik, baina Lapurdiko surflariak, Bizkaikoak ez bezala, elkartu eta antolatu egin dira. Bakoitzak dagokion lekuan bere hondar aletxoa jarri behar dugu, alez ale hondartza bat osatzeko. Aleak hitzak badira eta hondartza, hizkuntza, egin dezagun guztiok batuko gaituen euskal hondartza.

Gipuzkoan, berriz, euskara entzuten da urautsietan. Ez da egoera hain larria, baina gipuzkoarrok ere gure hondar aletxoa jarri beharko genuke Glisseguna bezalako ekimenetan parte hartuz. Ez da esfortzu bat, ez gaituzte lan egitera gonbidatzen, ondo pasatzera eta euskaraz hitz egitera baizik.

Aurten urria izan da Hego Euskal Herriko surflarien presentzia Glissegunean. Ea datorren edizioan euskal hiztun gehiago elkartzen garen Angelun. Antolatzaileek eskertuko dute, eta ziur egon, guk ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo