Egun berean, sei txalupatan 137 etorkin atzeman dituzte espainiar kostaldean
Almeria, Granada eta Ceutako kostaldean sei txalupatan zihoazen 137 etorkin erreskatatu zituzten atzo. Ceutan soilik lau txalupa atzeman zituzten. Horietako bat irauli egin zen eta bertan zihoazen 42 etorkinak itsasora erori ziren. Hamabik desagertuta jarraitzen dute.
GARA | CEUTA
Etorkinen dramak ez du etenik. Bidaia arriskutsua izan arren, ia egunero atzematen dituzte txalupak Estatu espainoleko edo Mediterraneoko beste herrialdeetako kostaldeetara iritsi nahian. Atzo, sei txalupa geldiarazi zituzten Almeria eta Granada eta Ceutako kostaldeetan. Horietan 137 etorkin zihoazen.
Txalupa horietako lau Ceutan geldiarazi zituzten. Laugarrena irauli egin zen eta bertan zeuden 42 etorkinak itsasora erori ziren. Punta Almina deritzan itsasargitik gertu zebilen. Guardia Zibilak goizaldeko 6.40 aldera eman zion abisua Tarifako Itsasoko Salbamendu Zentroari. Hondoratzea gertatu zen lekura iritsi, eta 30 etorkin erreskatatu zituzten, horien artean zazpi emakume; bi haurdun zeuden.
Etorkinek azaldu zutenez, txalupan 42 lagun zihoazen. Gainerako hamabiak aurkitzeko protokoloa martxan ipini zuten. Gurutze Gorria salbamendu taldeei batu zitzaien, tartean Helimer 201 helikopteroa.
Eguerdian, Guardia Zibilak buelta emanda zegoen eta sei metroko luzera zuen txalupa bati helduta zegoen etorkin baten gorpua aurkitu zuen. Gobernu espainolak Ceutan duen ordezkaritzak jakinarazi zuenez, litekeena da desagertutako hamabi etorkinetako bat izatea. Hondoratzea gertatu zenean, itsaski egoera zen, eta inguru horretan itsas trafiko handia izaten denez, arrantza-ontziei ere abisua eman zieten.
Erreskatatu ahal izan zituzten etorkinak Ceutako kirol-portura eraman zituzten. Haurdun zeuden bi emakumeak, berriz, ospitalera eraman zituzten. Behaketapean utzi zituzten.
Ceutan ere Saharako eta Magrebeko 21 etorkin aurkitu zituzten atzo goizean hiru txalupatan. Lehenengoa Marokoko jendarmeriak geldiarazi zuen. Bederatzi etorkin zihoazen, guztiak gizonezkoak. Handik gutxira, beste txalupa bat atzeman zuten hamar etorkinekin. Tangerrera eraman zituzten.
Goizean, 7.15 aldera, Guardia Zibilak jolasteko erabili ohi diren plastikozko baltsa batean bi etorkin -Aljeriakoak- ikusi zituen Ceutako kostaldetik gertu, Benitez hondartza inguruan.
Horrez gain, Motrilen, Granadan, goizeko zortziak baino lehen, beste baltsa pneumatiko batean 27 etorkin atzeman zituzten Almuñecarretik hamabi bat miliara, eta Almerian 56 heldu eta 3 etorkin adingabe aurkitu zituzten.
Kanarietan, La Graciosa irlan (Lanzaroten), zazpi etorkin adingabe -13 eta 15 urte artekoak- aurkitu zituzten atzo goizean, sei mutil eta neska bat. Esan zutenez, txalupan hamabost lagun zeuden. Gainerako zortziak desagertuta zeuden.
Algecirasen etorkinak behin-behinean hartzeko dagoen zentroak zerbitzu sozialik ez izatea salatu zuen Atzerritarrentzako Fiskaltzak. Ageriko hobekuntza lanak behar dituela ere nabarmendu zuen. Andaluzian dagoen bakarra da. Murtziakoan emakumeei zegokien atala kendu izana ere gaitzetsi zuen.