GARA > Idatzia > Euskal Herria

Epaiketen kontrako harresia, Lekeitioko Libre Egunean

Hilaren 29an, igandean, Lekeitioko Libre Egunaren barruan herri harresi bat osatzera deitu dute 35/02 zein gazte independentisten sumarioetako auzipetuek. Herritarrek kaian osatuko dute harresia, «gatazka betikotzeko asmoa dutenei» aurre egiteko eta «egungo egoeratik gatazkaren konponbidera doan zubia» zeharkatzeko unea iritsi dela ohartarazteko.

GARA | BILBO

Egun osoko egitaraua antolatu dute 35/02 auziko eta 40 gazte independentisten aurkako sumarioko auzipetuek, hilaren 29an Lekeition izango den Libre Eguna osatzeko. Ia 80 euskal herritar Auzitegi Nazionaleko aulkian jesarraraziko dituzten makroepaiketa horiek gaitzesteaz gain, antolatutako ekitaldietan parte hartzera eta era horretan auzipetuak babestera eta «gatazkatik konponbiderako zubia igarotzera» dei egin dute. Karmelo Landa eta Nahaia Aguado auzipetuek agerraldia egin zuten atzo Bilbon, egitarauaren berri emateko eta jasotako proposamen ugariak eskertzeko.

Azaldu zutenez, epaiketa horiek Estatu espainolak gatazka bere horretan mantentzeko estrategiarekin bat egiten dute. Auzipetuek, aldiz, bestelako etorkizuna eraikitzeko asmoa azaldu dute. Esan zutenez, «konponbidea lortzeko igaro beharreko zubia gurutzatu behar dugu, eta hori lortzeko, denok batera eman behar dugu aurrerapausoa».

Libre Eguna 10.30ean abiatuko da txupinazoarekin eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsek gidatuko duten kalejirarekin. Ondoren, herri kirolak izango dira plazan, umeen gunea pailazoen eskutik, balkoitik balkoira bertso-saioa, herri bazkaria, bazkalosteko kanta herrikoak eta, 18.00etatik aurrera, Iheskide, Itziarren Semeak eta Gatibu taldeen kontzertuak iragarri dituzte, besteak beste. Horrez gain, goizetik iluntzera Lekeition umeentzako ludoteka, tailerrak eta jolasak izango dira. Kale animazioa, herri denda, txosnak, jan-edana ugari eta abar luzea ekarriko du elkartasunerako hitzorduak.

Portuan, 12.30ean

Eguerdian portuan izango den ekitaldiaren garrantzia nabarmendu zuten. «Elkartasunetik konpromisora» deitu diote, 12.30ean izango da, eta «denen konpromisoaz epaiketen bidez gatazka betikotzeko asmoei aurre egingo dien herritarren harresia» osatzea da helburua.

Deialdi berezia egin zieten familiei eta adin guztietako jendeari «konpromiso» egun horretan parte har dezaten. Nabar- mendu zutenez, «urrats bat gehiago emateko unea heldu da», eta urrats «eraginkor eta sendoa» izan behar dela. «Elkartasunetik konpromisora abiatzeko momentua iritsi dela uste dugu, gatazkaren konponbidea lortzeko igaro beharreko zubia gurutzatu behar dugu», adierazi zuten.

IRAILAREN 29an

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen saioa, balkoitik balkoirako bertso-saioa, bazkaria eta Iheskide, Itziarren Semeak eta Gatiburen kontzertuak jasotzen ditu egitarauak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo