Athleticzaleen sentimenduen egoitza berria
Athleticzaleentzat atzokoa ez zen partida bat gehiago izan, eta haren garrantzia eta berezitasuna ez ziren aurkariaren edo emaitzaren araberakoak, bata eta bestea edozein izanda ere, baizik eta lekuaren araberakoak, euskal futbolaren historian ohorezko lekua duen egoitzaren ordezko lekua baita. Dena zen garrantzitsua, jakina, baina egoitza horrek eman zion atzoko partidari Athleticen eta euskal futbolaren historian leku berezia. Hiru hilabete pasatxo dira San Mames zaharrari azken agurra eman ziotela eta atzo, berriz, ongietorria egin zioten San Mames Barriari. Bertan izandako gorabeherak betiko idatzita, filmatuta eta milaka zaleren gogoan tinko geratu dira.
Bada zelai berriaren inguruan zer eztabaidatua ere. Hainbat, batzuk athleticzale izanda ere, kexu agertuko dira, arrazoiz, zelai berriak, klub pribatu baten jardunerako izanda, diru publikoaren laguntza jasotzeagatik. Gainera, krisi egoeran horrelako jokaerak nabarmenago agertzen dira; nolanahi ere, onartu beharra dago ez dela jokaera zuzena ez krisi garaian ez inoiz, eta kolore zuri-gorriak bihotzean eramateak, nork bere taldeari onena opa izateak, ez du zertan bidezkoa ez dena zuritu.
Arrazoi beragatik, athleticzaleen sentimenduen egoitza berria estreinatu berri duten honetan, ezin saihestu «aupa Athletic» ozen bat eta San Mames Barriari «ongi etorri» beroa.