GARA > Idatzia > Ekonomia

Enpresen sorrera bultzatzeko formazio saioak antolatu dituzte

Enpresa bat sortzea aukeretako bat dela ohartarazi nahi diete Hemen-ek eta Eusko Ikaskuntzak lanbide heziketan diharduten gazteei, ikasleei, langabeei eta langileei. Hiru eguneko saioak eginen dituzte, lurraldea, berrikuntza ekonomikoa eta elkartasuna hizpide.

p032_f02_61059.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Egungo krisialdiak motor ekonomiko berriak sortzeko beharra eskatzen duela kontuan harturik, Hemen suspertze ekonomikorako elkarteak Eusko Ikaskuntzarekin batera, eta lekuko hainbat egitura eta elkarteren lankidetzaz, Ipar Euskal Herrian «enpresen sorrera bultzatzeko eta jarduera ekonomikoaren gutizia sortzeko» ekimen berri bat bultzatu du.

Jean Michel Larrasquet Eusko Ikaskuntzako buruak azaldu zuen zerk bultzatuta abiatu duten ekimena: «Egungo krisiak luzerako joko duela uste dugu ezagutzen dugun mundua sakonki aldatuko baitu». Aldaketa horiek aintzat hartuta, enpresen garapenarekin batera lurraldearena ere kontuan hartu behar dela uste dute Eusko Ikaskuntzak eta Hemen elkarteak. «Lurralde bezala gure etorkizuna gure gain hartu behar dugu, eta, enpresek argi ukan behar dute beraien estrategian zer nolako aberastasuna ekarriko dioten lurraldeari», zehaztu zuen Larrasquetek.

Enpresa bat sortzea edonori irekia dagoela sinistuta, ikastarook proposatzea erabaki dute, gehienbat ikasleei, langabeei, formakuntzan ari diren gazte edo helduei, baina baita guraso eta irakasleei ere. Lurraldea, berrikuntza ekonomikoak eta elkartasuna dira hiru egunotan jorratuko dituzten gai nagusiak. «Lurraldearekiko norberak duen lotura da enpresa sortzeko motibazio garrantzitsuenetako bat», zehaztu zuen Hemen-eko kide Chantal Torrek.

Hiru egunak

Lehenengo ikastaroa irailaren 28an izanen da Ainhize-Monjolose herrian. Goizean hasiko da saioa eta lehen eguneko gaia lurraldea izanen da. Garapen Kontseiluko ordezkari batek eta Jean Joel Ferrand ekonomia irakasleak Ipar Euskal Herriko datu ekonomiko eta sozialak azaldu ondoren, lurralde proiektu bat zer den zehaztuko dute eta lekukotasunak emanen dituzte.

Bigarren jardunaldia urriaren 12an eginen dute, Bidarteko ESTIA ingeniaritza eskolan. Berrikuntza ekonomikoen gaia jorratuko delarik, egun osoan zehar hainbat eremutan jarduera berritzaileak sustatu dituzten enpresarien lekukotasunak ezagutaraziko dituzte. Urriaren 16a izango da azken eguna, Senperen. Elkartasuna gai hartuta, klusterrak eta kooperatiben gisako enpresa mota ezberdinak aurkeztuko dituzte. «70 eta 80ko hamarkadetan kooperatiba asko sortu zen Ipar Euskal Herrian. Nahiko genuke, era ezberdin batean, garai horretan zegoen enpresa sorrerarako nahikeria berreskuratu», bukatu zuen Torrek.

Partaideak

Ugari dira ekimenean partaide diren egiturak: Garapen Kontseilua, Merkataritza eta Industria Ganbera, Herrikoa, Baiona, Angelu eta Biarritz Herri Elkargoa, Indar, Eticoop eta Akitaniako SCOP, besteak beste.

Ekonomia soziala

Ekonomia soziala eta solidarioa hobekiago ezagutaraztea dute xede Hemen-ek eta Eusko Ikaskuntzak antolatzen dituzten egunek. «Egungo ekoizpen moldeak sakonki aldatzeko bideetariko bat da», esan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo