Frantziako kopa
Aviron, Genets, Croises eta Bokale, laugarren kanporaketara
Jon LEUNDA
Aviron, Genets, Croises eta Bokale izango dira Frantziako laugarren kanporaketan arituko diren lau euskal taldeak.
Aviron eta Genets sailkatuko zirela aurreikusten zen, beraiek baino askoz ere apalagoak diren taldeen aurka jokatzekoak zirelako, eta espero izatekoa zen ere Baionako Croisesen sailkatzea. Ezustea eman zuen, aldiz, Bokalek.
Genetsek beste euskal talde bat utzi du bazterrean, Biarritzen 1-3 irabazi baitzuen. Hori-berdeak baino bi maila beherago daude biarriztarrak, eta angeluarrek lan handia egin behar izan zuten aurrera egiteko. Lautillek aurreratu zituen etxekoak, eta Angelukoek partidako azken oren laurdenean hiru gol eginda lortu zuten laugarren kanporaketarako txartela.
Avironek ez zuen izan arazorik Hiriburuko Ainharak taldea menderatzeko. Jende asko batu zen neurketa hau ikustera, Hiriburun ez baita talde profesional bat askotan izaten, eta are gutxiago eskualdeko hiriburuko bat. Bi taldeen artean alde handia dago eta Avironek 0-3 irabazi zuen.
Baionako Croisesek arazo gehiago izan zituen sailkatzeko, maila bat beherago dagoen Langonen zelaian. 3-3 berdindu zuten zuri-urdinek, eta penaltietan lortu zuen sailkatzea Baionako taldeak.
Bokalek, berriz, bera baino askoz gorago dagoen Lormont kanporatu zuen 3-2 irabazita, kanporaketa honetako ezusterik handienetakoa emanda.
Beste batzuek ez zuten izan horrenbesteko zortea eta kanpoan geratu ziren. Hendaiako Englantinsek 5-0 galdu zuen Asmurren zelaian, eta ustekabean amaitu zen lapurtarren aurtengo ametsa.
Maulek ere bazuen aurrera egiteko itxaropenik, maila bereko Saint Sever taldearen aurka jokatu baitzuen, eta etxean gainera, baina zuberotarrek ez zuten presioarekin jokatzen asmatu, eta 0-2 galdu zuten. Ezinezkoa izango da aurtengo denboraldian iaz erdietsitako balentria errepikatzea.