«Goenkale», bi hamarkada bete pantaila txikian matraka eta ziri
Gaur abiatuko da «Goenkale» telesailaren 20. denboraldia. Astelehen eta asteartetan izango da ikusgai eta lehenengo hiru kapituluetan askatuko dira aurreko denboraldiko korapilo gehienak. Aurpegi berrien artean Joseba Apaolaza eta Ane Gabarain izango dira.Ane ARRUTI | DONOSTIA
Ia hogei urte pasa dira Arraldeko kaian Lasa anaien amak bere buruaz beste egin zuenetik. «Goenkale» telesailaren lehenengo kapituluan izan zen, 1994ko udazkenean, eta ETB eta Pausokaren ekoizpena bi hamarkada betetzera doa telebistan, Olatz Beobide zuzendariak esan bezala, «`Goenkale'n bakarrik gertatzen diren» istorioekin. Gaur abiatuko du 20. denboraldia eta, datorren astelehen eta asteartekoarekin batera, ekainetik zain dauden ikusleak asetzeko moduko hiru kapituluk emango diote hasiera. Astelehen eta asteartetan izango da ETB1en, 22.15ean.
Ibon berriro oinez ibiltzeko gai izango ote den, Itsasorekin bueltatuko den, Asuni baserrian sutea piztea leporatu ondoren espetxeratuko ote duten, Mireiak emaile izateari uko egin ondoren bere ahizparekin zer gertatuko den... Hori guztia argitzen saiatuko dira hasieran. Istorio berriak ere sortuko dira. Pertsonaia bat hil egingo dute.
Beobide zuzendariak zazpigarren denboraldia izango du aurten. Bere aurretik Iñaki Eizmendi, Jabi Elortegi eta Alex Ezkurdia pasa dira gidaritzatik urte hauetan. Kameren aurrean, berriz, Iñaki Perurena eta Itziar Ituño dira beteranoenak. Beobidek atzo azaldu zuenez, 20. urteurrena ospatzeko hainbat ekimen burutuko dituzte. Oraindik zehazteke badituzte ere, lehiaketaren bat eta publikoarekin egindako grabaketa izango dira, besteak beste. Gainera, emanaldi berezien prestaketan dihardute. Lehenengo hiru atalen ondoren, telefilm berezi bat emitituko dute bi zatitan, irailaren 29an eta urriaren 1ean, hurrenez hurren, eta Gabonetarako iragarri dute hirugarren berezi bat. Saio horietan aurretik «Goenkale»n ezagun egin direnen bisitak izango dituzte.
Aurtengo nobedadeen artean, Joseba Apaolaza (Kepa) eta Ane Gabarain (Barbara) izango dira, txakolindegiko jabe berriak, Arraldera negozioak egitera etorriak. Apaolazak denboraldi bat egin zuen duela zortzi bat urte -Xixtoren paperean «itsu-itsu» gogoratu zuen atzo- eta Gabarainentzat lehenengo aldia izango da. «Telebistan asko ibilitakoa naiz, baina `Goenkale'n sekula ez. Ea nola moldatzen naizen. Telebistan ofizio handia daukat eta ofizio handiko jendeaz inguratuta egongo naiz. Konfiantza handia daukat», esan zuen.
Euren semea izango da Endika Landa (Gari) eta aurreko denboraldian estreinatu zen Maddalen Urbieta (Aitza). Aktore berri gehiago ere agertuko dira denboraldi honetan: Aitor Borobia, Alex Tello, Nerea Gorriti, Uxue Martinez, Elisa Rueda eta Gorka Goikoetxea.
Olatz Beobidek azaldu zuenez, errealitateak pisu handia izango du aurtengo kapituluetan eta krisia, langabezia edo immigrazioa bezalako gaiak presente izango dira «Goenkale»n ere.