«Ikuspuntu propiotik» landuko du Nabarraldek Euskal Herriko historia
Euskal Herriko historiari buruzko «on line» ikastaroa eskainiko du Nabarralde elkarteak urritik aurrera. «Euskal subjektuaren historia kontatzeko beharra» ikusita abiaraziko dute. Batez ere, ikastoletako irakasleei zuzendutakoa baina «historiazale guztientzako interesgarria» da hiru hilabeteko ikastaldia. Hainbat historialarik parte hartuko dute ikasgaiak lantzen, eta metodologia jarraia izango du, astero ebaluazio probak eginez.
Jonebati ZABALA | BILBO
«Euskal Herriko historiaren irakurketa orokor eta sintetiko bat» landuko du Nabarralde elkarteak urritik aurrera eskainiko duen on line ikastaroan. Nafarroako Ikastolen Elkartearen babesarekin hiru hilabeteko iraupena izango duen ikastaroa gauzatuko dute. Horretarako, gai ezberdinetan aditu diren historilariek astean asteko jarraipena egingo diete izena ematen dutenei.
Ikastaroa abian jartzeko, hainbat gabezia ikusi dituztela adierazi du Angel Rekalde Nabarraldeko zuzendariak. Alde batetik, Nafarroako ikastolekin hitzarmen bat egin dute, «eurek plan horretan, hau da, historia mailan beharra zutelako, hutsunea». Bestalde, iaz Nafarroako Konkistaren bosgarren mendeurrena betetzen zela-eta, egon zen «polemika sakona» aipatu du Rekaldek. Gertaerak nahiko garbi zeuden, baina bi jarrera ageri ziren. «Batzuek esaten zuten euskaldunak garela, gure historia Euskal Herriko historia izan dugula eta konkistatuak izateak garrantzia itzela izan duela; beste batzuek esango dute Espainiako historian gertaera minimo bat dela hori, Nafarroa Espainiara batu zenekoa». Gertaera berbera bi ikuspuntutik ikusita, «bi irakurketa» egin daitezkeela azaldu du Rekaldek. «Guk ikusten dugu Euskal Herriko historia egin behar dugula gure historia propioa, eta hori normalean ez dela lantzen. Orokorrean baino ez, baina finean, Espainia edo Frantziako testuinguruan egin izan ohi da beti. Gurea falta da hor, eta hori landu nahi dugu». Horretan gabezia izugarria ikusten du elkarteak, eta aipatutako horiek lirateke ikastaroaren helburua ulertzeko gako nagusiak.
«Historiaren idazketa herri bati bere definizioa emateko bide onena da». Edward Said soziologo palestinar ezagunaren aiputik abiatu dira. «Urteetan zehar gurea ez den historia ikertu, landu eta zabaldu da, eta Nabarralden herri gisa, euskal subjektuaren historia kontatzeko beharra dagoela uste dugu, baina ikuspuntu propio batetik».
Historiazale guztientzat
Elkarteak Internet bidez ikastaro bat eskaintzen duen lehenengo aldia da honakoa. Aukera hori edukiak ahalik eta gehien hedatzeko erabiliko dute, Renon (AEB), Argentinan edo diasporan, esaterako, baina baita Bilbon edo Ipar Euskal Herrian ere. Hartzaile argi bat dauka ikastaroak, ikastoletako irakasleak. Baina Rekalderen hitzetan, metodologia ez da batere konplikatua izango (ondo laburtua, eta material anitzarekin, testuak, bideoak...). Jasotzeko erraza izango da beraz, eta historiazaleek ere ikastaroa gustura hartuko dutela uste du zuzendariak.
Esan bezala, «ikuspegi propiotik» landutako egitaraua prestatu dute. Memoria eta historia bereizten hasiko dute ikastaroa, -Rekalde bera arduratuko da lehenengo ikasgaiaz- «gertaera berberarekin bi memoria eta bi historia nola sortzen diren» azalduko du. Historiaurrea eta Erromanizazioa, Orreagako batailak, 1200eko zatiketa historikoa, 1512ko Nafarroaren konkista, euskal Estatua, Iparraldeko historia, frantses iraultza eta karlistadak eta 1936ko gerra izango dira programan.
«Gure herrian garbi dauzkagu hainbat erreferente, gure euskara, gure identitatea.. Baina erreferente historikorik ez. Horiek herri osoarenak dira, ez dago alderdirik, asmakizunik, hori da herri bezala argi izan behar duguna, gure erroak».
Atal bakoitzaren amaieran gai bakoitzeko gakoak ulertu direla frogatzeko azterketatxoa izango da. Galdera zuzenak, test erakoak eta garatzekoa. Ikastaro amaierako idazlana ere egin beharko dute ikasleek.
150 euroko prezioa du ikastaroa (100 euro Nafarroako Ikastolen Elkarteko irakasleentzat eta Nabarralderen sustatzaileentzat). Izena emateko azken eguna irailaren 21a da. Informazio gehiago jasotzeko, Nabarralderekin harremanetan jarri edizioa@nafarroa.biz helbidean.
«Espainia eta Frantziako testuinguruetan landu izan dugu beti gure herriaren historia. Gabezia izugarri horri aurre egiteko aukera ematen du ikastaroak, historia propioa jorratzeko».
Bederatzi ikasgaitan banatuta dago ikastaroa. Hiru hilabetean zehar, material ezberdinarekin edukiak landu eta astero ebaluazio proba izango dute ikasleek, baita ikastaro amaierako idazlana ere.