KRITIKA Euskal Kostaldeko Musikaldia
Kantu errezitaldia ofizio handiz
Maite IDIRIN
Larunbatean, Azkaingo eliza ederrean, Felicity Lott soprano ingelesak, azken urte hauetan han-hemen egiten ari den bezala, konpositore ezagunen melodiak eskaini zizkigun. Interpretearen aurkezpentxoa eginaz, esan dezagun Londresko Errege Akademian ikasketak burutu ondoren English National Operan egin zuela estreinaldia, Mozarten “Xirula Magiko” operako Paminaren rolean. Geroztik karrera profesional distiratsua egin du, nola operan hala liederretan espezializaturik. Disko andana du ibilbide horren lekuko. Atzoko saioan, bere izenari ohore eginez, kantu alaiak kantatu zituen gehienik.
Ohitura duen bezala, hitza ere hartu zuen errezitaldi garaian, eta lieder edo melodiak esplikatuz oso giro ederra sortu zuen. Lehen partean, beren kantuak alemanez eginak dituzten konpositoreak entzunarazi zizkigun, baina ez zituen ekarri horien lieder ezagunenak. Schuberten hiru eman zituen hasteko. Ondoren, Schumannek, Rückert eta Goetheren poemen gainean egindako bost lieder interpretatu zizkigun. Oso interpretazio ederrak egin zituen, batez ere “Aus den östlichen Rosen” (Orienteko arrosak) eta “Singet Nicht Trauertönen” (Ez ezazula kanta tonu triste batean) kantuetan. Eta lehen partea amaitzeko, Brahmsek modu herritarra atxikiaz konposatutako lau lieder eman zizkigun oso ongi interpretatuak.
Bigarren zatian, frantses poeten testuen gainean frantses konpositoreek idatzitako musiken txanda iritsi zen. Victor Hugoren bi poemen oinarrian Bizetek konposatutako bi kantu, eta L.Boulheten poema baten gainean idatzitako beste kantu bat entzun genituen. Piano laguntza bikainaz frantsesez arras ongi kantatu zituen. Gero, Gounoden “Les temps de roses”, Camille Royren hitzen gainean, eta “Où voulez-vous aller?” Theophile Gautieren poemaren oinarrian, pianistak erakutsitako birtuosismoa nabarmenduko dugu.
Jarraian, Saint-Saënsek “La coccinelle” eta “Si vous n’avez rien à me dire”, Victor Hugoren poemen gainean egindako konposizioak interpretatu zizkigun testuetan ageri den pikardia bereziki adieraziz. Eta amaitzeko, Offenbachen “La Perichole” opereta ezagunetik hartutako bi zati komiko maisuki interpretatu zizkiguten ironia bera ere teklatuetan entzuten genuelarik. Txalo beroak eskertzeko, beste hiru kantu eman zizkiguten oparitan. Berriro txaloak, baina gelditzen ez baziren ere, interpreteak gorde zirelarik amaitu zen.