GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

SAN MAMESEKO INAGURAZIOA

Athleticen talde guztietako kapitainak Urrutiarekin, partida aurreko ekitaldian

M. ALTUNA | BILBO

San Mames berrian jokatzen zen lehen partida ofiziala izanik, ekitaldi berezi batekin eman nahi izan zioten hasiera norgehiagokari talde zuri-gorriko arduradunek.

Ekitaldi xumea izan zen, baina klub osoko ordezkariek parte hartu zuten, Athleticen indargune handienetako bat bere harrobia dela erakutsiz.

Zuzendaritza Batzako presidente Josu Urrutia kluba osatzen duten talde guztietako kapitainekin atera zen zelaira. Kimuak, haurrak, kadeteak, gazteak, Baskonia, Bilbao Athletic, emakumezkoen taldeetako bi ordezkariak eta lehen taldeko kapitaina, Carlos Gurpegi.

Zelaiaren erdigunetik harmailetako zaleak agurtu ondoren, oroigarria jarri zuten Pitxitxiren gainean. San Mames zaharrean egiten zen bezala, jokalariak irteten diren tokian dago aurrelari gogoangarriaren omenez jarritako oroigarria.

Lehenengo oihuak entzun ziren orduan San Mamesen: «Athletic, Athletic».

Horren ostean, Athleticeko kapitain guztiek taldearen ikurra altxatu zuten gutxika-gutxika, bozgorailuetatik piano batek jotako ereserkia entzuten zelarik. Une hunkigarria izan zen bizitakoa, eta zaleen gehiengoak txalo zaparrada batekin erantzun zuen, beste batzuek «Athletic beti zurekin» oihukatzen zuten bitartean.

Zelaiarekin batera, megafonia berria estreinatu beharra zegoen eta zale guztiek egiaztatu ahal izan zuten ereserkia inoiz baino indartsuago entzungo dela San Mames Barrian.

Partida aurreko zozketa

Celtako jokalariek aulkitik jarraitu zuten hasierako ekitaldia hau, baina laster erakutsi zuten ez zirela gonbidatu gisa etorri. Partida hasi aurreko zozketan, Athleticen asmoak zapuztu zituzten zelai aldaketa hautatuz eta talde zuri-gorria bigarren zatian zaleen babesik gabe erasotzera behartuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo