GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Geneva eta Maalula artean

Assaden benetako «arma ezkutua» ez dira gasak, Hezbollahren milizia bereziak baizik: bere tanke eta hegazkinek egin ezin duten «lurreko lana» primeran egiten ari zaizkionak

Genevako Nazioen Jauregiaren eta Maalulako merkatu plazaren artean 2.900 kilometro daude, gutxi gorabehera; eta distantzia bertsua da, agian, Siriako gerra birtualaren eta gerra errealaren artekoa. Bi eszenategi horiek hainbat gauza dituzte elkarrekin: naturaren edertasuna, esate baterako, bakoitzak bere erara, ezin kontrajarriagoa beharbada; edota kristautasunaren historian duten munta, aski kontraesankorra hori ere; edo hizkuntzalaritzaren mundutxoan duten sona... Siriako gerrak uztartu ditu orain, berriro... baina zein idi pare desdoitua osatzen duten!

Pasa den larunbatean amaitzen zen, nolazpait, Ekialde Ertaineko xake joko geoestrategikoan aspalditxoan izan den hamabostaldirik zalapartatsuena: Kerry-k eta Lavrov-ek hitzartzen zuten Genevan Siriako arma kimikoak kontrolperatu eta, datorren urterako edo, suntsitzea; jarraian, komeria akabatu balitz bezala, balizko beste protagonistak (Assad bera, Hollande, Iran, NATO, eta abar) eszenaratu dira bata bestearen atzetik amen-amen esaka eta txaloka... Denak? Bueno, den-denak ez. Siriako matxinoen bozeramaile batzuek (ez baitago denen izenean hitz egiterik) esaten dute dena iruzurra dela: Assaden trikimailua besterik ez dela, denbora irabazteko. Eta zer diote Israelek eta Saudi Arabiak? Ofizialki, deus ez; ahapeka, biraoak, apustu.

Mundu birtualean Genevako war game hau antzezten zen bitartean, ordea, Maalulako bataila gertatu da gerra errealean. Irailaren hastapenean, gaur egun erreboltaren enborra osatzen duen al-Nusra fronteko islamista erradikalek Maalula hartu zuten. Balio sinboliko (Siriako kristautasunaren gune adierazgarrienetakoa da) eta estrategiko (Assaden indarren bizkarrezurra den M5 errepidea eteteko lehen urrats serioa izan zitekeen) nabarmeneko mugimendua zen. Argi zegoen Al-Qusayr eta Hama-n udaberri amaieran jasandako porroten ostean, eta abuztuan Turkiarekiko mugatik Latakia aldera hasitako erasoan lorpenik gabe atzera egin behar izan eta gero, erreboltariek zerbait ikusgarria, sinesgarria, behar zutela, gerra galtzen ari diren irudipena ekiditeko.

Baina Damaskoko erregimenaren Armadak neurria hartu die matxinoei. «Al-Qusayrreko neurria» dei genezakeena: etsaiak bere indarrak kontzentratu eta leku urbano batean aurre egiten dienean, Assaden Armadak, bere arma astunen nagusitasunarekin zukutzen ditu lehendabizi... ondoren Hezbollahko milizianoek etxez etxeko «garbiketa» burutu dezaten. Hauek, itxura denez, benetako «trebetasunarekin» egiten ari diren langintza. Al-Qusayrren gertatu zen eta Maalulan errepikatu da. Epeak asko laburtu dira, hori bai: hamabost egunean bota dituzte Al-Nusrakoak Maalulatik. Assaden benetako «arma ezkutua» ez dira gasak, Hezbollahren milizia bereziak baizik: bere tanke eta hegazkinek egin ezin duten «lurreko lana» primeran egiten ari zaizkionak.

Siriako gerraren etorkizuna iragartzen du horrek. Matxinoak zaku isolatuetan geratzen ari dira, muga-lerroei atxikita. Eta iniziatiba berreskuratu duen Assadek denbora, plangintza... eta Hezbollahren sastakaia besterik ez du behar gerra irabazteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo