Unai Txurruka Maiztegi eta Olatz Dañobeitia Ceballos | Joxemi Zumalabe Fundazioa
Militantzia ereduak. Aldaketa garaian ote?
Herri antolakuntzan sinisten dugu, eta erasoen aurrean herri barrikadak eratzeak hunkitzen gaituen moduan, beste herri antolakuntza eredu eta pertsona askeak gaurdanik bizitzen hasteko grinak biderkatzen gaitu
Zergatik hartzen dugu parte kolektiboetan? Parte hartze horrek zer eskaintzen digu? Eta zer ebatsi? Nola sentiarazten gaitu? Nola uztartu talde-funtzionamenduak behar duen konpromisoa norbanakoaren egoera aldakorra kontuan hartu eta zaintzearekin? Nola bermatu militantziaren aniztasunak kolektibotasunari uko egin gabe? Nola antolatu parte hartze modu ezberdinen arteko harremana? Nola mantendu izaera ireki eta malgua jende gehiagorekin konektatu ahal izateko?
Gehientsuei galdera ezagunak egingo zaizkizue. Izan ere, kalean bolo-bolo dabiltzan galdera andana hauen soka hartu eta geu ere bertan korapilatzeari ekin genion orain dela urte pare bat. Asmoa galdera mordoari erantzun borobilak bilatzea baino, guztion artean gai honen muinean dauden korapiloak identifikatzea eta, ariketa sortzaile baten bidez, gogoeta prozesu emankor horretan bide ezberdinak jorratzeko modua bilatzea izan da hasiera-hasieratik.
Irtenbide magikoetatik urrunduz, herri antolakuntzak eta gutako bakoitzak gure esperientzia eta eskarmentu militantean pilatutako bizipen, sentimendu eta ezagutza partekatzea eta egungo erronkei eutsi ahal izatea zein denok gustuz ekin ahal izatea dugu xede. Haustura baino bilakaera itxura duen prozesu horri etsipen, inertzia eta ukaziotik baino, erreflexibotasun kritikotik, ilusiotik eta ulermenetik heltzeko gogoak bultzatzen gaitu.
Herri mugimenduek osatzen duten aniztasuna ez da makala, eta herrigintzan dihardugun kideona, zer esanik ez. Hortaz, homogeneotasuna eta uniformetasuna ezin bidelagun izan. Prozesu hau anitza eta bakoitzak beretik egin beharrekoa dela uste dugu, indibidualki zein bereziki kolektiboki. Joxemi Zumalabe Fundazioaren asmo xumea, denon artean bidaia horretan laguntzeko tresnak sortzea baino ez da.
Zergatik ekin genion eraldaketa sozial eta politikoaren konpromiso kolektiboari? Zergatik gutako bakoitza noizbait aldendu gara? Zeintzuk dira bizitako une goxoak? Zeintzuk gazi eta arantzadunak? Geure buruari galdera hauek luzatuz, 150 kidek baino gehiagok parte hartu duten saioak antolatzen hasi ginen. Pausoz pauso, indartu eta saihestu nahiko genukeena identifikatzeari ekin genion. Eta oraingoan, borondatea nahikoa ez dela sinisturik, mantendu beharrekoari eusteko eta baztertu beharrekoa alboratzeko beharrezkoak ditugun tresnak asmatzeari ekin nahi diogu, ariketa sortzaile kolektiboaren bidez.
Saio horietan guztietan agertutako hausnarketa, barre, jolas eta minetatik atera ditugun ondorioak konpartitzeko asmoa dugu, datorren irailaren 28an Donostiako Zurriola Ikastolan, goizeko bederatzi eta erdietan hasita egun osoko Kontraste Tailerra izan nahi duen horretan. Baita eskuratu eta sortu beharreko tresnei heldu ere, prozesu honen guztiaren emaitza izan nahi duen Tresna Kutxa osatze aldera.
Helburua, ordea, ez da kontsentsua bilatzea, hau ez baitugu herri mugimenduen gogoeta xerkatzen. Ikuspegi ezberdinak jasotzea dugu xedea, aniztasun horren bila gabiltza; talkak, kezkak, alternatiba posibleak... gure nahia ekarpenak jasotzea da.
Hausnarketa honen indarra iritzi ezberdinen agerpenean datza. Aniztasun eta homogeneizazio ezak bideratuko baitu sortu nahi ditugun tresna horien baliagarritasun eta eraginkortasuna. Modu horretan bakarrik lortu ahalko baita kolektibo bakoitzak tresna kutxa hau bere irizpide behar eta nahien arabera erabiltzea.
Hala ere, ukaezina dugu eta argitara ekarri nahi dugu gure aldetik bederen gogoeta honen zerbitzura ipini izanaren arrazoia ez dela neutroa. Izan baditugu ideologiak zeharkatutako helburu eta ikuskerak. Aktibismo politikoa kuantitatiboki zein kualitatiboki indartzea... errespetuan, eraginkortasunean, alaitasunean, duintasunean. Zapalkuntza anitzak oinarri eta euskarri dituen jendarte ordena honen iraulketa ariketa zaila zein ederra dugu. Jazarpena gordina den moduan, bizitzaren birsortze prozesuak erdigunean kokatuz, elkarbizitza eta ingurunearekiko errespetuz, bestelako jendartea sortzeko paradak ilusioz betetzen gaitu. Herri antolakuntzan sinisten dugu, eta erasoen aurrean herri barrikadak eratzeak hunkitzen gaituen moduan, beste herri antolakuntza eredu eta pertsona askeak gaurdanik bizitzen hasteko grinak biderkatzen gaitu.
Bide horretan, herrigintzan dihardugun herri mugimenduak, jendez eta pertsonaz elikatzen garen izate biziak gara. Beraz, konpromiso pertsonala sustatzen duen talde funtzionamendu egoki zein eraginkorra topatzea, barne horizontaltasuna bermatzea, kolektiboen arteko harremanak eta lan egiteko moduak zaintzea, beste lengoaia batzuei leku egitea ezin dira bigarren mailako eremua izan.
Praktikarik gabeko gogoeta hankamotz egiten zaigun moduan, gogoeta gabeko praktikak baditu bere arriskuak. Irailaren 28koa, biak uztartu eta elkar elikatzen jarraitzeko gonbita duzue. Praktikak eman digun jakintzatik, berau birpentsatuz eta osotuz, oraina eta etorkizuna askapen hariz josteko.