GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SOKATIRA

Goiherri eta Gaztedi dominaren bat lortzeko asmoarekin doaz Europako Txapelketara

Goiherri eta Gaztedi arituko dira gaurtik igandera Herbehereetan jokatuko den Europako Sokatira Txapelketan. Aurten, gainera, selekzioen mailan ere arituko dira. Oraindik Euskal Herria izenarekin uzten ez badiete ere, aurten Euskadiko Federazioaren izenarekin arituko dira.

p037_f02.jpg

Jon LEUNDA

Goiherri eta Gaztedi izango dira gaurtik igandera bitarte Herbehereetan, Assen herrian, jokatuko den Europako Txapelketan. Aspaldiko partez, gainera, euskal tiralariek nazio mailan ere tiratuko dute. Horixe izango da aurtengo berrikuntza.

Urte asko pasatu dira azkeneko aldiz euskal selekziorik izan zenetik, baina aurten izango da. «Orain dela urte mordo bat, Nuarberen garairik onenean bezala izango gara lehiatzen, gauza batzuk hobetuta. Orduan bezalaxe euskal selekzioaren jantzia eramango dugu, eta gure ikurrina ere bai. Bakarrik podiumera igotzen bagara, Nazioarteko Sokatira Federazioaren ikurra jasoko dute, eta haien ereserkia jarri. Hori orduan bezalakoa da. Orduan, ordea, bai kartel eta gainerako dokumentuetan Espainia agertzen zen, eta orain Euskadiko Herri Kirol Federazio bezala joaten uzten digute. Urte askoan oso itxita egon ostean, ate hau zabaldu digute, eta parte hartuko dugu nazioen mailan. Uste dugu hau lehen pausoa besterik ez dela, eta azkenean benetako izenarekin parte hartuko dugula urte asko baino lehen», dio Txelisek, Goiherriko ordezkariak.

Gaur eta bihar kluben mailan hartuko dute parte, eta doazen bi euskal taldeek berea defendatuko dute. Larunbatean eta igandean, ordea, selekzioen mailan, bi taldeen arteko nahasketa bat arituko dela esan zuen Litrik, Gaztedi taldeko kideak. «Ikusiko dugu lehen bi egun hauek nola pasatzen diren, eta horren arabera bi taldeetako tiralariekin egingo ditugu selekzioak. Pena bat da Mutriku ez izatea, haiek hasieran etortzekotan ziren, baina azken unean arazo batzuk izan dituzte, eta ez dira joango. Haiekin selekzio hobe bat egiteko aukera gehiago izango genuen», dio Gaztedikoak.

Kluben maila

Kluben arteko txapelketarekin abiatuko da Europako Txapelketa hau. Goiherri da, dudarik gabe, bietan aukerarik gehien dituen taldea. Euskal Herriko Txapelketan, lau pisuetan garaile atera da, eta inongo eragozpenik gabe, gainera. «560 eta 640koan hartuko dugu parte. Horiek dira gure pisurik gustukoenak, eta horietan lehiatuko gara. Dominaren bat lortzea izango da gure helburua», dio Txelisek. Berak, ordea, garbi dauka domina hori non lor dezaketen. «560 kilokoan ditugu aukerarik gehien. Talde ona daukagu, eta oso itxaropentsu goaz. 640koan ez dugu aukerarik ikusten. Pisuan 600 kilo pasatxoan geratuko gara, eta alde handia da. Talde batzuk 640koan doi-doi sartuko gara, eta pisuan dagoen alde horrekin ezinezkoa da ezer egitea», dio.

Gaztedi taldeak, aldiz, jende asko eraman du, eta pisu mordo batean hartuko du parte. «Lau pisutan arituko gara, izan ere, guk mutilen eta nesken taldea eraman ditugu. Euskal Herrian ez dago nesken txapelketa egiteko nahiko talde, baina guk baditugu neskak. Beraiek 520 kilokoan hartuko dute parte. Gero, mistoan ere arituko gara, eta 600ekoan lehiatuko gara. Hor talde bakoitza lau neskak eta lau mutilek osatu behar dute. Azkenik, mutiletan bi talde plazaratuko ditugu. eta biak 560koan eta 640koan arituko dira», esan zuen Litrik.

Berak ere garbi dauka dominak lortzeko aukerarik gehien non izan dezaketen. «Batez ere mistoan aukera asko ikusten ditugu, hor dominaren bat lor dezakegula uste dut. Gero, mutilen 560koan ere izango dugu aukeraren bat edo beste. Nesketan ikusi beharko da, besteek nolako maila duten», dio. Nazio mailan ere, pisu beretan izango omen dituzte dominak lortzeko aukerarik gehien.

Faboritoak aipatzerakoan, bi ordezkariek garbi dituzte zeintzuk izan daitezkeen. «Nazio mailan, Suitza izan daiteke faborito nagusietako bat. Oso talde ona dauka. Gero, Ingalaterra, Irlanda eta Suedia ere kontuan hartu behar dira. Hor egon daitezke aurkaririk gogorrenak», dio Txelisek.

Kluben maila irekia denez, beste kontinente batzuetako taldeak ere lehiatuko dira, eta txinatarrekin kontuz ibili beharra dagoela dio Litrik. «Kluben mailan ere aurrez esandako herrialdeetako taldeak izango dira indartsuak, baina irekia denez, beste kontinente batzuetatik ere etor daitezke, eta txinatarrekin ibili beharko da kontuz, batez ere nesken mailan», dio.

Gaur goizean, 09.30ean, hasiko da Txapelketa, eta lehen bi egunetan kluben lehiaketa irekia jokatuko da. Euskal tiralarientzat, lehen egun honetan 560 kiloko txapelketa izango da mutiletan, eta mistoan 600ekoa, eta bi mailotan eguerditik aurrera aritu beharko dute lanean. Bihar ere ordu berean hasiko da, eta euskal tiralarientzat berriro ere eguerditik aurrera hasiko da lana. Lehenik mutilak arituko dira 640 kilokoan, eta ondoren neskak 520 kilokoan. Horrekin emango zaio amaiera kluben mailako lehiaketa irekiari, eta larunbatean eta igandean selekzioak arituko dira. Euskadiko Herri Kirol Federazioaren izenean joandakoen txanda izango da, eta oraingoan Europakoak bakarrik arituko dira. Gaurko lan bera larunbatean izango da, eta biharkoa igandean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo