GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria

Kontraesanak

Hondarribiko alardeen osteko dimisioek zurrunbilo mediatikoa eragin dute eta ez da harritzekoa, kontuan izanik dimititzea ez dela ohikoa gurean. Jazotakoak hausnarketa sakonak eragitetik urrun, errotik ezabatuak uste genituen diskurtsoak berreskuratzea ekarri du, ordea.

Nonahi entzun dira Bilduri demagogia egitea leporatzen dioten iritziak, emakumeen eskubideen defentsan aritzea euren ibilbide politikoarekin kontraesanetan omen dagoelako. Begi bistakoa da oinarri eskaseko argudio hauek eztabaida politikotik at zeudela uste genuenok oker genbiltzala.

Atzera begiratzen dutenez gero eta alarde baztertzailearen defendatzaileek historiari so egiten diotenez gero, neuk ere iragan gertuaren alardea egingo dut.

2005. urtean Gasteizko Parlamentuak adostutako Berdintasun Legearen arabera, gune publikoetan emakumeak baztertzen dituzten kultur jarduerak debekatzeaz gain, berdintasuna arlo guztietan garatzera behartuta daude administrazioak eta horien ordezkariak.

2006an, Hondarribiko alkate jeltzaleak eta Irungo sozialistak Parlamentura joateko deia jaso zuten, Emakume Batzordean alardeen inguruko azalpenak eman zitzaten. Deiari muzin eginez, ez ziren lehendabiziko hitzordura agertu, eta bigarren batean, berriz, bai legeari baita euren alderdiek eskatutakoari ere muzin eginez, alarde mistoen alde agertzeari uko egin zioten.

Mespretxu honen aurrean, ez EAJk ez PSEk ez zieten inolako erantzukizunik eskatu euren alkateei eta, horrez gain, Arartekoaren eta Emakunderen salaketa eta gomendioen gainetik, askatasun osoa eman diete herri hauetan euren ordezkari gisa darabiltzaten alkateei bide berean segi dezaten eta askorentzat hauek ere gainditu gabeko kontraesanak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo