Duela 15 urte amaitu zen etapara itzuli ordez, aurrera begirako herri akordiorako proposamena
Gaur, Gasteizko Legebiltzarreko politika orokorreko eztabaidan, Iñigo Urkullu lehendakariak autogobernu eredua berrikustea proposatuko du, estatusa eguneratzea, alegia, «Kataluniara begiratu gabe». Arazoa, ordea, ez da Kataluniara begiratzea, Euskal Herrira baino Madrilera begirago egotea baizik. Eta estatusa eguneratzea aurreko formulak berritzea bada, herri honek seinalatu duen norabidearen kontrako bideari eustea da. Euskal Herriak bere bidea egin behar du, ez Kataluniarena, jakina, baina nazioarteko -zehatzago, Europako- askapen prozesuen testuingurua ere kontuan izan behar du. Eta testuinguru hori aldekoa da, beren bidea egin nahi duten herrien aldekoa, hain zuzen. Atzo EH Bilduk Estatuarekiko menpekotasun harremana gainditzeko indar batuketa proposatu zuen, herri honen etorkizuna ezin baita menpekotasun egoeran bilatu, baizik eta harreman hori behin betiko gaindituta. Helburua -ezta tarteko egoera ere- ez da «Espainian eroso egote» haren bertsio berria. Euskal etorkizuna ez da duela 15 urte amaitu zen aldi hartan bilatu behar, aurrera begiratzen duen herri akordioan baizik. Mahai gainean dago horretarako proposamena.