Iker Bizkarguenaga Kazetaria
Bueltan
Oporren osteko lehen eguna beti izaten da arraroa. Hasieran ez duzu zeure burua aurkitzen. Ordenagailua aurrean daukazu baina burua atzera begira. Lankideek lan martxa hartuta daukate, zuk ez bezala, eta horregatik norbaitek nonbait galga jarri dizula iruditzen zaizu. Astiro zabiltza, trakets, teklatuarekin ezin asmatuz. Baina halako batean posta elektronikoa irekitzea okurritzen zaizu, hiru astetan ikutu gabe izan duzun horixe bera, eta hasierako ehun mezuak irakurtzea nahikoa izaten da zure onera itzultzeko. Dutxa hotz baten eragin kitzikagarria daukate mezu batzuek.
Bueltan gaude, eta ez da ikasturte makala zain daukaguna. Udazkena bero datorkigula iragarri ziguten duela zenbait hilabete, aurten uda ezagutuko ote genuen galdezka ari ginela. Eta, aukeran, nahiago nuke hala izatea. Izan ere, etsigarria izan da abuztu erdia Carlos Urquijoren graziarik gabeko xelebrekeriekin endredatuta ematea. Herri honi zirt edo zart egiteko unea heldu zaio, eta ez litzateke berri ona izango Gabonetako oporraldian ere Laudioko Urkixotek protagonismoa bereganatuko balu.
Bueltan dira politikariak ere, eta gaur bertan Osoko Bilkura izango dute Gasteizen. Duela urte batzuk egun interesgarria izaten zen hauxe, hitzaldi potolo eta gonbidatu sonatuek edertzen zutena. Baina gaurkoari ez diot traza historikorik hartzen. EAJk eta PSEk egiturazko akordioa lotu ondoren, Iñigo Urkulluk ahalegin handia egin beharko du estatus berrirako bere proposamenari ezer interesgarririk topa diezaiogun. Alonsotegikoa ez da sorpresak ematen dituen horietakoa, horregatik barka nazala eszeptizismoak menderatzen banau.
Bueltatu dira langileak lantegietara. Lanpostua mantentzen dutenak, bederen. Eta oporrak izan dutenak, noski. Eta bueltan dira oporrik hartzen ez duten lan-istripuak. Sei hildako hiru astetan. Gai honek bai beharko lukeela herri-akordio bat sinatzea, baina kasu honetan ez dago tintarik boligrafoan.
Itzuli gara normaltasunera, beraz. Eta hori da, hain zuzen, onartzen zailena, normaltzat jotzen dugun egoera honetan hilabeteak badoazela eta bertan egon beharko luketen horiek urrun jarraitzen dutela. Ikasturteari hasiera emateko desio bat eskatzerik badaukat, horixe nahiko nuke: berandu baino lehen beraiek ere bueltan izatea. Gurekin, etxean.