Gipuzkoako ikasleen lehia polita Kilometroetan, parte hartze aktiboa sustatzeko
14 eta 16 urte arteko ikasleak dira «Erronka» ekimen berritzailearen protagonistak. Kapitain ospetsuen laguntzarekin, abilezia, indarra eta estrategia erakutsi beharko ditzuzte, probak irabazi eta finalera heltzeko.
O. L. | TOLOSA
Ohiko programazioari zerbait gehiago erantsi nahi zioten Tolosako Kilometroetako arduradunek. Zerbait horrek erakargarria izan behar zuen, gazteak ospakizunera erabat «engantxatuko» zituena, GARAri antolakuntzako kide Aitor Elduaienek aitortu zionez. Helburua, nerabeak festan inplikatzea, modu aktiboan parte hartzea eta eurak protagonista izateko aukera ematen duten ekimenak prestatzea.
Xede horrekin abiarazi zuten Erronka izeneko proba saioa. Kilometroetako egunean bertan egingo da, urriaren 6an. Parte hartzeko deialdia Gipuzkoako 25 ikastolei egin zieten eta dagoeneko hogeik eman dute baiezkoa. Zentro bakoitzeko talde bat osatu da, 14 eta 16 urte arteko ikasleekin. Horiek bi kapitainen laguntza izango dute: bata ikastolarekin zerikusi zuzena duen norbait, eta bestea ikastolakoa zein herrikoa izan, han ospetsua edo ezaguna den norbait.
Tolosako Berazubi kirolgunean atzo eskainitako prentsaurrekoan iragarri zutenez, ardura horietan arituko dira Oihan Vega irrati esataria, Bergarako Arizmendi ikastolarekin, Abraham Olano txirrindularia, Tolosako Laskorain ikastolarekin eta Maider Gaztañaga triatloilaria, Ordiziako Jakintza ikastola laguntzen.
Atariko proba, denen artean egingo dutena, zezen plazan hasiko da, goizeko hamarretan. Ondoren, bazkalordura bitartean talde bakoitzak bi erronka egingo ditu, arratsaldeko finalerako sailkatzeko asmoz.
Lehenengo fasean kanporatutako taldeei, hala ere, bigarren aukera bat eskainiko zaie, eta finaleko proba baino lehen erronka bat jarriko zaie.
Saria zein den kontuan hartuta, ziur asko, azken unera arte gogor borrokatuko dira: «Ahora» lema duen bandera eskuratzen duen taldeak irabaziko ditu jokoan dauden 2.000 euroak.