GARA > Idatzia > Kultura

Oteiza Arantzazura bueltatu da, baina oraingoan, hitzaren bidez

Irudia ez ezik, hitza ere lantresna izan zuen Jorge Oteizak, eta horren bidez bueltatu da Arantzazura, artistaren alderdi hau erakusten duen Felix Marañak antolatutako «Marrazkiak, estanpak eta hitzak» erakusketaren bitartez. Bestalde, Gandiaga Topaguneak Oteiza bezala, Nestor Basterretxea hartu du Altzuzako Oteiza Museoak, erakusketa batean.

p040_f03.jpg

Amaia GARTZIA | OÑATI

Jorge Oteizaren heriotzaren 10. urteurrenean, Arantzazun, bere alderdi literarioaren berri ematen duen erakusketa zabaldu du Felix Maraña bere lagunak. 2000. urtean Jorge Oteizak (1908-2003), Xabier Alvarez de Eulatek (1919-2012) eta Bitoriano Gandiagak (1928-2001) Getariako Elkanon egindako bazkarian du jatorria erakusketak. Azken biek, Arantzazuko santutegian egiteko gauza batzuen berri eman nahi zioten, eta Oteiza, bestalde, azkenean, orain zabaldu den erakusketarako irudiak sortzekotan zen. Bazkalondoan aritu zen horretan Oteiza geldiezina. Beste gauzen artean, prestatzen ari zen erakusketa hura -edo hau- Arantzazun bertan egin beharra zegoela bat egin zuten hirurek. Orain, Oteizaren hitzek argia ikusi dute, bere nortasuna agertzen duen «Jorge Oteiza: Marrazkiak, estanpak eta hitzak» erakusketarekin. Guztiak 1985. eta 2000. urteen artean egindako diskurtso eta baliabideei dagozkie.

Hamahiru urte geroago, berriz elkartu dira, Gandiaga Topagunean. Bere ohiko errotuladore beltza paperetik altxatu gabe sortutako irudi, sinadura ezberdinak (orri bakoitzean era berriak agertzen ditu), eta hitzak ikusgai dira Luis Laorga aretoan -Arantzazuko santutegia berreraikitzen parte hartu zuen arkitektoaren omenezko gela-. Baita bere sormenarekin harrituta gelditu ziren beste sortzaileen aipuak ere.

Aurrenekoa Julio Caro Barojarena da. Gabiria kafetegian zeudela, zera esan zuen: «Gizon hau memoria bat da». Eta erakusketako Oteizaren unibertso pertsonala zabaltzen duten lehendabiziko esaldiak dira Barojak hari buruz esan zituenak: «Geldirik egotea onartzen ez duen euskaldun horietakoa da Oteiza, esku hartzeko beharra duena». Mikel Laboak ere baieztatu omen zion Marañari berari Jorgeren geldirik egon ezina: «Jorgek hainbeste exijitzen zigun... hain zuen mundu konplexu eta interesgarria, ni neu nekatu egiten ninduen!».

Erakusketak bost atal ditu: Paradisu, Poesiaren tokia, Orban fonikoak, Estanpak eta Litoral. Paradisun, esaterako, Aresti (Gabriel), Azurmendi (Joxe), Lasa (Mikel) eta Otxalar (Juan San Martin) lau poetei buruzko liburuko portada berreskuratzen da, argitalpenen joan-etorrietan galdu zena: Galdutako irudi harekin obsesionatuta, berria egin zuen 1994an, lau poeten izenez loratutako Gernikako arbola berria.

Bestalde, Altzuzan, Nestor Basterretxeak Arantzazuko kriptarako egindako sei marrazki originalek, ezezagunak horietako batzuk, osaturiko multzo bat hartu du Oteiza Museoak bere erakusketa iraunkorraren barrenean. Irudiok 50eko hamarkadan basilika berriztatzeko abiaturiko proiektuan zeuden, eta Oteizak berak ere parte hartu zuen egiteko hartan. Sei marrazki horiek, gunearen argazkiez eta ikus-entzunezko batez lagundurik -egileak berak azaltzen du lan haien bilakaera-, oraingoan Basterretxeari eskaini dioten «Begirada gurutzatuak» proiektuaren osagai dira.

BISITAK

Oteiza Arantzazura itzularazi duen erakusketa hilaren 29ra arte izango da ikusgai Gandiaga Topagunean, arratsaldez. Bisita gidatua, hilaren 21ean egingo da, euskaraz 13.00etan eta gaztelaniaz 12.00etan.

Oteizaren berezitasuna azaltzen duten aipamenak

«Jorge Oteiza: marrazkiak, estanpak eta hitzak» erakusketak jasotako Oteizari buruzko beste aipamen bat Lourdes Iriondo kantariarena da. Marañaren hitzetan, ordurako, Iriondo Oteizaren bikaintasunaren jakitun zen. Bazekien ezberdina zela, etorri eta jendeari gauzak proposatzen zizkion, xaxatu egiten zuen, ezin zen geldirik egon. Eta argi ere erakusten dute emakumearen hitzek: «Orduan, Jorge Oteiza iritsi zen, baina guk ez genuen ulertu... Demagun mendi baten soslaia marrazten dugula. Nik, jakina, mendia ikusiko nuke. Jorgek ordea, zerumuga ikusten du. Zoritxarrez, mendiarekin gelditu gara (...)». A.G.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo