GARA > Idatzia > Kultura

Film laburren Kimuak katalogoan dokumentalek presentzia handiagoa dute aurten

Aurten euskal sortzaileen zazpi film labur bildu dituzte, aurkezturiko 70 lan baino gehiagoren artean hautatuak. Programa martxan jarri eta hamasei urte geroago, prestigioa irabazi duen formatua da laburra.

p044_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Zazpi dira 2013ko Kimuak katalogoa osatzeko hautatuak izan diren film laburrak. Normalean hautatzen diren lanak fikziozkoak badira ere, oraingoan dokumentalen presentzia handia da. Katalogoak laster hasiko du nazioarteko ibilbidea euskal zinemagintzari ikusgarritasuna emateko asmoz. Ekimena 1997. urtean jarri zuten martxan, euskal zuzendariei bultzada bat emateko, eta egun programa garrantzitsu bat da film laburren arloan.

Joxean Muñoz Lakuako gobernuko Kultura sailburuordeak azaldu bezala, «Kimuak gerora zuhaitzak izango direnak dira, alegia, gerora film luzeak egingo dituzten zuzendariak, baina programa honekin erakutsi dute film laburra formatu bat dela bere baitan. Kimua bera oso ederra da».

Etxepare Euskal Institutuak ere parte hartzen du programan eta honen izenean Aizpea Goenaga zuzendaria mintzatu zen: «Aurten 70 pelikulatik gora aurkeztu dira, eta horrek asko esaten du euskal laburmetraigintzaren osasunari buruz», azpimarratu zuen.

2012ko katalogoa kaleratu zuten arte 8-9 film aukeratzen zituzten urtero, baina iaztik aurrera zazpi besterik ez dira. Egitasmoko arduradun den Txema Muñozek azaldu zuen honek ez duela zerikusirik aurkeztu diren lanen kalitatearekin, oso ona izaten jarraitzen baitu. «Pelikula bakar bat gehiago sartzeak kosteak asko igotzen ditu, eta garai hauek ez dira errazenak», azaldu zuen. Hala ere, badago beste arrazoi garrantzitsuago bat: nazioarteko jaialdi askorentzat bederatzi film aurkeztea gehiegi da.

Aurkezpen ofizialik gabe

Jaialdietan parte hartzearekin zerikusia duen beste erabaki bat da filmak ofizialki ez aurkeztea. Emanaldi pribatu bat egingo dute bihar hasiko den Zinemaldian, baina publikoak ezin izango ditu oraindik ikusi jaialdien baldintza bat delako pelikulak aurkeztu gabekoak izatea. Hala ere, badaude bi pelikula Donostiako zinemetan ikusgai izango direnak, alegia, Asier Altunaren «Zela Trovke» eta Izibene Oñederraren «Hortzanak, for your own safety». Lehena, zuzendariaren esanetan, «emakumeen inguruko pelikula bat, nik bilatu beharrean nigana iritsi zena».

Hauekin batera, katalogoa osatzen dute Lander Camareroren «A political story», Israel eta Palestinaren arteko gatazkaren inguruko dokumental faltsua; Aritz Morenoren «Colera», Bardean filmatutakoa eta Luis Tosar aktorea protagonista duena; Aitor Iturriza eta Bernart Gualen «Una hora, un paso» dokumentala; Borja Cobeagaren «Democracia»; eta Raul de la Fuenteren «Minerita».

EHUNKA JAIALDI

Aurtengo katalogoko filmak jada Sitges edo Londresko jaialdietarako hautatuak izan dira. Aurreko urteetakoek 600-800 jaialdietan izan dira.

ZINEMALDIAN

«Hortzanak, for your own safety» filma «Cutie and the boxer» pelikularekin batera proiektatuko dute Zinemaldian. «Zela Trovke», aldiz, «Mujer conejo»-rekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo