GARA > Idatzia > Kultura

Kortxoenea gaztetxeak Zinemaldi Alternatiboa egingo du laugarrenez

GARA | DONOSTIA

Donostiako Gros auzoan dagoen Kortxoenea Gaztetxeko kideek laugarrenez antolatu dute Zinemaldi Alternatiboa. Aurreko urteetan 80ko hamarkadako euskal zinema izan badute ardatz, aurten dokumentalgintzari heldu diote.

Hala, irailaren 23tik 28 bitartera gaztetxea zinema gela bilakatuko da. Pelikulak ikusi ostean zuzendariekin solasaldiak egingo dituzte iradokitakoari buruz eztabaidatzeko, eta urtero legez, azken egunean film laburren rallya egingo dute. Emanaldi guztiak 19.00etan hasiko dira.

Hilaren 23an Jon Urraza eta Aiert Goenagaren «Morritson eta Gartzia» filma izango da ikusgai, iaz Durangoko Azokan aurkeztu zutena. Honakoa 3D formatuan euskaraz egindako lehen film luzea izan zen. Filmaren oinarria izen bereko antzezlana da.

24an Donostiako Piratek hamargarren urteurrenerako egin zuten «Abordatzera!» dokumental etnografikoa izango da ikusgai, eta 25ean, berriz, «31 urte», Jose Mari Sagardui Gatza preso ohiaren inguruko lana.

Hilaren 26an, ostegunean, «Populismo musical: Peliculas caseras de la Fundación Robo», M-15 mugimenduaren ondorioz sortutako kolektibo baten inguruko filma. Ostiralean azken dokumentala proiektatuko dute, «Londres no es Sevilla», hiri andaluzean okupatutako etxeak hutsarazteko saioen inguruko dokumentala.

Amaitzeko, larunbatean 20 segundoko film laburren lehiaketa eta rallya egingo dute. Zinemaldi Alternatiboari amaiera emateko kontzertu akustikoa egingo dute Morau kantautorearen eskutik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo