Udalbiltza eta Gaindegia elkar hartuta, Euskal Herriaren ezagumendua garatu eta hedatzeko
GARA | ANDOAIN
Udalbiltzak «Euskal Herria Sendotzen» izeneko programa jarri du martxan, eta horren barrenean lehendabiziko hitzarmena sinatu du Gaindegiarekin. Hala, Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrak bat egin du ekonomia eta gizarte garapenerako behategiarekin, ekonomia eta gizarte alorreko ezaguera garatzeko eta hedatzeko. Atzo Martin Ugalde kultur parkean egindako agerraldian azaldu zutenez, hilabeteak daramatzate elkarrekin lanean.
Esate baterako, «Euskal Herria Begira» ataria sortu dute, Euskal Herriaren lurralde ikuspegia emateko, datu, estatistika, mapa eta grafikoekin. Tokiko azterketak ere egiten ari dira, proiektuak gauzatzeko asmoz.
«Herri ukatua den aldetik, Euskal Herriak hutsune eta gabezia larriak nozitzen ditu oinarrizko ezagumenduari dagokionez, are gehiago azken hamarkadetan bizi dugun transformazio ekonomiko, sozial eta teknologikoek ezarri duten abiadurarekin», adierazi zuten aurkezpenean. Hain zuzen, behar hori neurri batean asetzeko gauzatu dute hitzarmena. Nork bere eremutik ekonomian eta gizartean nazio garapena sustatzea dute xede.
Horretarako, besteak beste, informazio kuantitatibo eta kualitatiboa bildu eta lantzeko oinarriak garatuko dituzte, sortutako informazioa eta jakintza ezagutarazi, lankidetza eremuak eta sareak osatu, gogoetak sustatu, baliabide ekonomikoak bideratu...
Garapen eta Kohesio Fondoan, 90.000 euroko partidarekin zazpi-zortzi eragilerekin itun estrategikoak sinatu nahi dituzte lehendabiziko urte honetan.