«Gure kantez harro izan eta zuzenean jotzeaz ez lotsatzea dugu funtsa»
Manel taldeko abeslaria eta gitarrista
Diskorik apenas saltzen ei den XXI. mende honetan, Bartzelonako Manel taldeak Estatu mailako oihartzuna erdietsi du, indie giroan batez ere; katalanez kantatuz, salmenta zerrendetako gailurrera iritsi dira. Aurten, «Atletes, baixin de l´escenari» hirugarren lana argitaratu dute eta bihar ostirala, irailak 20, Bilboko Kafe Antzokian zuzenean aurkezteko asmoa dute.
Anartz BILBAO | BILBO
Manel-ek Bilbon joko duela-eta (azaro bukaeran Gasteizen eta Donostian ere izango dira), Roger Padilla gitarra jotzailearengana jo dugu, oraindik ezagutzen ez duenari taldea aurkezte aldera. «Hasieran zaila egiten zitzaigun guri ere, eta hiru disko hauen atzetik are gehiago», esan digu katalanak, jorratzen duten musikaz galdetuta. «Pop kantak egiten ditugula diote, eta gero folk musika ere aipatu izan da gutaz berba egitean. Eta bai, pop musikan gaude gehienbat».
Zuzenean, orain gutxi argitaratu duen «Atletes, baixin de l'escenari» (Warner-Discmedi 2013) hirugarren lana aurkeztuko du laukoteak. «Bartzelona 92 Joko Olinpikoetan, bukaera festan, kirolariak hunkitzen eta sutzen hasi zirenean bozgorailuetatik esan zuten esaldia da `Atletak, baja zaitezte oholtzatik', gure oroimenetan iltzatuta gelditu zena -diosku Padillak-. Deskontestualizatuz gero, agertokiaren aipamen horrekin, ederra begitandu zitzaigun, ezer gutxi esan nahi duen arren».
Aurreko bi lanetan konponketa ugari bada, haizezko eta sokazko orkestra moldaketa eta guzti, azken disko honetan Arnau Vallve (ahotsa, bateria eta programazioak), Marti Maymo (baxua, klarinetea eta txirula), Guillem Gisbert (ahots nagusia, ukelelea eta gitarra) eta Roger Padilla (gitarra, banjoa, mandola eta ukelelea) baino ez dira entzuten, eta ez da gutxi. Gitarristaren aburuz, ez da aurretiaz hartutako erabakia izan. «Egia esan, orain arte kantak egin eta, apetak agindu ahala, lagunei deitu eta musika tresna ezberdinez aberasten genuen gure soinua. Eta azken honetan, entsegu lokalean laurok batera kantak ontzen genbiltzala, konturatu gara ez genuela beste inor behar. Frogatu gabe genuen laurok bakarrik jotzea, ohikoa den moduan».
Emaitzaz zer esan? «Ez dakit, izan daiteke biluziagoa. Orain zuzenean nahikotxo jotzen gabiltza, kantak bidea egiten dabiltza, eta esatea kostatzen zaidan arren, akaso freskoagoa da `Atletes, baixin de l´escenari', aurreko bi lanak baino».
Hizkuntzaren hautua
Taldea ikastetxetik elkar ezagutzen zuten lau lagunek sortu zuten 2007an. «Musika tresnak jotzen genituela-eta, ideia batzuei forma ematen hasi ginen. Funtsean, gustuko duguna egitea da kontua, denok eroso sentitu eta gure musikaz harro izatea; ez izatea oholtzan gure kantak jotzeko lotsarik, argitaratu eta publiko zabal baten aurrean agertzen dugu-eta. Eta horrela izan dadin bakoitzak berea jartzen du laukotean». Manel, hitzetan batez ere, Jaume Sisa, Pau Riba edota Antonia Font-ekin konparatu izan dute, artista katalanak hauek ere. Padillaren aburuz baina, «asko miresten ditugun arren, urruti gaude horiengandik, konparatuak izateko unibertso pertsonalegiak baitituzte».
2008ko «Els millors professors europeus» izan zuten estreinako lana -izenburua Plaren «Quinquennal» olerkiaren aipu batetik hartua da-. Eta 2011n «10 milles per veure una bona armadura» -Kenneth Branagh-en «Much Ado About Nothing» filmetik jasotako izenburua- bigarren lana plazaratu zuten, egun aurkezgai dutena bezala, biniloan ere badena. Azken honek espainiar Estatuan 10.000 aletik gora saldu ei ditu, katalanez kantatzen duen talde batek kasik azken bi hamarkadatan lortu ez duena.
«Zentzudunak gara arrakastaren kontu horrekin», aitortu digu Padillak, «etxetik kanpo ere ondo joan zaigula egia bada ere». Salmenten %90etik gora Katalunian izan omen dute, baina kopuru handia izan denez, Estatuko lehendabiziko postuan izateko balio izan die, gitarra jotzailearen azalpenen arabera. Katalanez kantatzeari eta Kataluniatik kanpoko komunikabideetan kontu hau behin eta berriro harrigarriro aipatzeari buruz, «ez da erabaki politikoa ez artistikoa izan», gitarra jotzaileak onartzen duenez. «Katalanez egiten dugu berba, katalanez pentsatu. Beraz, edozer egiten duzula ere, errazagoa da ondo dakizun hizkuntzan saiatzea. Egunen batean beste hizkuntza batean eginez gero, aurrera!, baina ez da erraza izango, oso itxiak gara-eta! (kar, kar)» -gaztelaniaz azentu ikaragarria dugu telefonoaren bi aldeetan-.
Manel taldeko kideari normala iruditzen zaio zailagoa izatea arrotza duzun hizkuntza batean kantatzen duen talde batengana hurbiltzea; «musikazale amorratua izanda ere, entzuleak esfortzu handiagoa egin behar baitu, letrak ulertzeko-eta». Baina gogorarazten duenez, 70eko hamarkadan asko ziren Kataluniatik kanpo jo eta plaza ikaragarriak betetzen zituzten artistak: Lluis Llach, Raimon... «Talde interesgarri andana izan da beti Katalunian; hala da orain ere».
Eta Euskal Herrian zer? Talde katalan «festibo» edo politikoagoek izaten dute oihartzuna baina... Manelek ba ote du entzulerik? «Toki berri batean lehenengoz jotzean txikia duzu arreta, baina zuenean bigarrenez izan ginenean, Bilboko Kafe Antzokian eta Donostiako Victoria Eugenian, publiko minoritarioa izanda ere, ikusgarria izan zen».
Bihar Bilboko Kafe Antzokian joko du Manelek -22.00etan hasiko da sarrerak 15/18 eurotan dituen kontzertua-, eta John Berkhout talde oiartzuarra izango dute lagun. Ekain Perez (ahotsa eta gitarra), Eneko Lusar (gitarra), Mikel Alonso (baxua), Ander Lizaso (teklatuak, klarinetea eta saxoa) eta Iñigo Goñi (perkusioak) musikariek osatutako boskoteak, udan Biarritzeko BIG jaialdian Neil Youngekin taula partekatu eta «The Path» EP-arekin egin du debuta.