Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea
Musikaren bitxikeriak
Musikaren inguruko bitxikeria eta xelebrekeriak egunero sortuko dira. Gizakiak jakin nahia du une oro. Espainia «bat eta galanta»-ren pentsamenduaren adibide argigarriak. Monumenturik beharko ez luketen momentuak segidan. Galizian, kontzertu baten ondoren, joan zen zuzenekoa kobratzera musikaria eta antolatzaileak esan zion likidezia arazoak zituela. Taldearen managerra ernegatuta eta pentsakor bere buruari esanez «beste behin kobratu gabe joango gara etxera». Taldeak ere poltsikoan dirurik ez herrira itzultzeko. Nola egin buelta? Antolatzaileak orduan egia zela likidezia arazoak zituela eta ezin zuela ordaindu, pezetetan bederen, eta galdetu zion managerrari zer nahiago zuten dolarretan edo Alemaniako markoetan. Goitik jota ordainduko zuela esan, eta taldearen managerrak zuritutako dolarrak sartu zituen patrikan. Ordainketa egin ondoren, antolatzaileak galdetu zien ea erosi nahi zuten koka kilo bat, oso salneurri onean, ia musu truk. Taldeak ezetz. Etxerako buelta nekeza izan zen. Asteburua zenez bankuak itxita, dirurik ezin trukatu eta erdi eskean itzuli ziren etxera dolar beroekin.
Musika talde berari Madrileko areto ezagun batean soinu probak egiten ari zela, Torrente itxura zuen zarpail batek aginduz esan zuen garrasika ea nor zen talde horren arduraduna. Managerra hurbildu eta besterik gabe bota zion taldearen diskoa nahi zuela eta sinatuta, bere semeari oparian emateko. Managerrak ihardetsi zion ez zela posible une horretan, taldea soinu probetan zegoela, eta zuzenekoa bukatu eta erosi ondoren sinatuko ziotela gustura diskoa. Tipoak, eskua sartu txaketan, plaka atera, eta lokala berehala itxiko zuela eta bertan behera utziko zuela zuzenekoa, taldeak ez bazion diskoa sinatuta ematen. Probak gelditu eta sinatuta eman zioten poliziari diskoa.