GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

«CAN auzia», ustekabeak agortu ez dituen soka

Auzitegi Goren espainolak Yolanda Barcina «CAN auzitik» kanpo utzi eta, ondorioz, Iruñeko Instrukzio Epaitegiko epaile Maria Paz Benitok ezinbestez auzia artxibatu izanak ez zuen kasuaren inguruan ezer argi utzi. Aurretik argi zegoenaz beste, jakina. Izan ere, Nafarroako instituzioetako hainbat kargudun eta kargudun ohik dieta bikoitz eta are hirukoitzak sakelaratu izana eta beste zenbait irregulartasun ez dago frogatu beharrik. Auzia artxibatu zutenean, Kontuz! elkarteak esan zuen «CAN auzia» ez zegoela itxita -eta ez herritarren begietan bakarrik- delitu gehiagoren zantzuak ikertzen ari baitziren. Arrazoi zuen elkarteak, berandu gabe ikusi denez, soka luzea baitu auziak, muturreraino ezuste gehiago eman dezakeen soka. Atzo Kontuz!-ek jakinarazi zuenez, Yolanda Barcinari, Miguel Sanzi eta Alvaro Mirandari kobratzen zituzten dietak gutxi iruditzen zitzaizkien, nonbait, eta egin gabeko bilera batengatik ere kobratu zuten, eta Guardia Zibilaren txostenaren arabera, bileren akta gehienak CANeko ordenagailuetatik aldatu zituzten; beraz, argitzeko dago nork agindu zituen aldaketa horiek. Argitu beharrik ez dagoena da nork kobratu zuen dirua eta zenbat kobratu zuen, eta aktak nork sinatu zituen. Eta argi dago, halaber, kasua, Auzitegi Gorena gorabehera, ez dagoela itxita, ez ikergai faltan, behinik behin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo