GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

M. Mendiboure Lapurdi 1609 elkarteko lehendakaria

Zer du ospatzeko Euskal Herriak Senperen urriaren 22an?

Herritarrak gaskoi lekuetarat uxatuak izan ziren, Mattin Bidarten bertsoak lekuko. Lehen aldian Sara, Azkaine, Itsasu, Ainhoako... jendea iraultza denboran deportatua izan ziren.

Napoleonen armadaren 70.000 aitzindari eta soldadu, bai 100.000 etsai aliatu, gure lurretan egon eta borrokatu ziren. Pasatzean, herri gehienak txirtxikatuak, suntsituak izan ziren, jendea miseria gorrian utziz. Etxeak erreak edo deseginak, arto sailak eta pentzeak zaldiek janak, belar eta bihiak ebatsiak, oihanak hondatuak, zu- biak lurrean. Jendea eskale bilakatu zen, hitz horrek erran nahi duen guziarekin. Frantses armadaren egitateak, orduko dokumentuen arabera, izan ziren ahalkegarriak.

Zer ospatuko da? Bataila galduak: Urdazuri, Heleta, Garruzekoak. Garai haietako aitzindari eta soldaduen modura jantzirik, beren lehengo aitzinakoek egin zutena? Egindako desmasiak omenduko dituzte? Zertako ez ere horiek berek, haiek bezala, etxeei su eman, zaldiak libratu arto landetan, ebasketak antolatu?

Gure arbasoek jasan zutena oroitzeko, jantzi militarrez egindako ekitaldiek desohoratzen dituzte, beraiei eta gu beren ondokoei trufa egiten digute.

Gure arbasoek ikus balezate egin hondamendiak nola itzulikatzen, moldatzen dituzten, burutik maingu behar dela izan erran lezakete. Konparaketa konparaketa, inori ez zaio burutik pasatzen Gernikaren bonbardaketa ospatzea, Hitlerren eta Francoren armadako jantzi ederrekin...

Euskal gizarteak ez du hobenik, ez da hobendun, ez zen parte hartzaile gerla horretan.

Bi inperioen arteko gerla zen, eta, gu, erdi-erdian harrapatu gintuzten.

Barkamena bai, zor zaigula, egin desmasiengatik, baina armadek eta estatuek gutitan aitortzen dute hori, ez dira kasik sekula makurtzen.

Lapurdi 1609 elkarteak historiaren bertze partea, gorde nahi den hura, dominaren ifrentzua agertuko du irailaren 24an eginen den prentsaurrekoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo