Xabi Begiristain Madotz | Auritz
Yolanda Barcina barregarri
Yolanda, zein puntutaraino iritsi behar dun? Jarraitu baino lehen, suposatzen dinat baimena emanen didazula hika egiteko, kontuan hartuta adinkideak garela gutxi gorabehera, eta, garai batean, lankideak izan ginela Iruñeko Udalean; lankideen artean ez din zentzu handirik zuka erabiltzeak. Hortaz, herrikide moduan galdetzen dinat berriz ere: zein puntutaraino iritsi nahi dun, Yolanda?
Irailaren 13an ikusi haugu Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasturte berriaren irekitze ekitaldian, ikasleei sartzea debekatzen, eta dena zergatik?, ba, zilegi dituzten beren kexa eta protestak ez entzuteagatik. Eszena eta irudia patetikoak izan ditun; nori eta nora ez utzi sartzen? Ikasleei beren unibertsitatera! Eta nork debekatu die? Beren erkidegoko lehendakariak, eta, aldi berean, unibertsitate horretako irakaslea denak!
Bai, Yolanda, gauza barregarri, iraingarri eta ez onargarri gehiegi ekitaldi bakar baterako. Hurrengoetan zer egin behar dun, errektoreari berari sartzea debekatu bere kritikak ez entzuteko? Edota, legebiltzarkideei Parlamentura sartzea ere galarazi, beren oposizioko jarrerak eta iritziak ez aditzeko?
Yolanda, lankide ohi moduan esaten dinat, oso historia triste, suntsigarri, penagarri, negargarri eta kaltegarria uzten ari haiz erkidego honetan; aldatu jarrera edo joan hadi New Yorkera!