Euskararen arnasguneetan politika ausartak eskatu ditu UEMAk
GARA | DONOSTIA
Udalerri euskaldunei aitortza egin bai, baina euskalduntzeko neurririk ez du jasotzen Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berriak, UEMAren arabera. Mankomunitateak atzo kaleratu zuen agirian adierazten duenez, lanean gune geografiko euskaldunenei toki berezia eman izana positiboki baloratzen duten arren, garapen soziolinguistikorako neurri eraginkorrak falta dira.
Puntu positibo gisa hartzen du UEMAk lehen aldiz Lakuaren normalizazio plan batean gune geografiko euskaldunenek toki berezia izatea. Hori urrats garrantzitsua dela uste dute eremu horietarako hizkuntza politika ezberdinak behar direla aldarrikatu dutenentzat. Negatibotzat jo dute, ordea, arnasguneen garapen soziolinguistikorako beharrezkoak diren neurriak zehaztu ez izana, baita UEMAk hori egiteko eskatu zuenean ekarpenak kontuan hartu ez izana ere.
Azken urteetako udalerri euskaldunetako datuak aztertuz, zehazki UEMAko 71 udalerrietakoak, kezkatzeko moduko eboluzioak daudela ikusi dute. 71 udalerrietatik 39tan, 1981eko datuekin alderatuta, euskaraz dakitenen portzentajeak behera egin du. Horregatik eskatu dituzte politika aurrerakoi eta berritzaileak.