GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SOKATIRA Lur Gaineko Europako Txapelketa

Gaztedik urrezko domina jantziz ekin dio lehiaketari

Goiherrik ere maila ona eman zuen, eta brontzezko domina kolkoratu zuen.

p041_f01.jpg

Jon LEUNDA

Bikaina izan zen kluben mailako Europako Lur Gaineko Txapelketako lehen eguna. Gaztedik, 600 kiloko mistoan, eta Goiherrik, mutilen 560 kilokoan lortu zituzten dominak. Batak urrezkoa kolkoratu zuen, eta besteak, brontzezkoa. Bi mailatan aritu ziren atzo, eta bietan lortu zituzten dominak.

Eguna primeran hasi zen, Gaztedik lortu baitzuen 600 kiloko mistoan urrezko domina. Txapelketa honetan talde bakoitzak taldean lau mutil eta lau neska eraman behar ditu, eta bizkaitarrek ez zuten hutsik egin. Herbehereetan jokatuta, hango taldeak izan ziren onenak, lehen lau postuetan etxeko hiru sailkatu baitziren, baina aurrena, euskal talde bat izan zen. Hamasei talde lehiatu ziren, eta gorritxoak izan ziren onenak. Hasieratik erakutsi zuten txapela lortzeko ere aukera asko izango zituztela, eta horrelaxe izan zen. Lehen fasea eta finalerdia gainditu ostean, azkeneko saioan Koapman taldearen aurka lehiatu ziren. Bizkaitarrek garaipena erdietsi zuten, eta aurtengo lehen urrezko domina lortu zuten, eta merezimendu osoarekin, gainera.

Mutilen 560 kilokoan, Gaztedi eta Goiherri lehiatu ziren, baina azken hauek ez zuten lortu bigarren fasean sartzeko txartelik, baina bai Goiherrik, finalerdietara sailkatu baitzen. Finalaren atariko neurketa galdu ostean, hirugarren eta laugarren posturako lehia jokatu behar izan zuten, eta garaipena lortu zuten, Herbehereetako Lagerwiej taldea menderatuta. Finalean, berriz, Suitzako Engelberg eta Ipar Irlandako Bancran taldeak lehiatu ziren, eta suitzarrek lortu zuten garaipena, urrezko domina eskuratuz. Finalerdietan irlandarrek menderatu zuten Erandioko Goiherri taldea.

Gaur amaituko da kluben mailako txapelketa, eta berriro ere euskal taldeak bi mailatan lehiatuko dira. Goiherri eta Gaztedi taldeak mutilen 640 kilokoan neurtuko dira, 13.30etik aurrera hasiko den saioan. Ordu erdi bat beranduago abiatuko da emakumezkoen 520 kilokoa, eta hor Gaztedi neurtuko da. Atzo lehiaketa bikain hasi bazen ere, gaurkoan gauzak zailagoak izango dira. Bi taldeetako ordezkarien ustez, emakumezkoetan izango dute dominaren bat lortzeko aukerarik gehien.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo