GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

61 EDICIÓN DEL FESTIVAL DE CINE DE DONOSTIA

«Nire film laburrak luzeak baino gehiago ikusi dira munduan»

p012_f02.jpg

Asier Altuna

Zinema zuzendaria

Asier Altuna zinema zuzendaria eta gidoigilea bergararra da. Bere lehenengo film luzea 2005ean egin zuen, “Aupa Etxebeste” eta geroztik oso bide emankorra izan du “Bertsolari”, “Artalde” edota “Sarean” bezalako lanekin. Orain Zabaltegira dator, baina film labur batekin: “Zela Trovke. Belarra mozten”.

M. LARRINAGA | DONOSTIA

«Aupa Etxebeste» edo «Bertsolari» bezalako film luzeekin Zinemaldian egon ostean, Asier Altuna film labur batekin dator oraingoan: «Zela Trovke». Zabaltegi sailean izango da aurten, aurreikuspenetatik kanpo zuen arren. Zinemiran epaimahaikide ere izango da. Lan handia izango du aurten.

Zeri buruzkoa da «Zela Trovke»?

Emakumeei buruzko film labur bat da. Emakumearen sorkuntzan egon diren leiho itxiak eta itzalak kontatzen ditu. Protagonista Maite Larburu hernaniarra da. Urte asko darama Holandako orkestra batean biolina jotzen eta laburrean kontatzen dena da orkestra Varsoviako auditorium batean ematen ari zen kontzertu bateko gertakizun bat.

Aurten Zabaltegin zaude, beste urteetan Sail Ofizialean. Zer-nolako esperientzia da?

Aurtengoa opari bat izan da. Film luze bat egiten duzunean beti daukazu Zinemaldian sartzeko ilusioa, eta polita izaten da. Film laburra izatean, berriz, Zinemaldia gure aurreikuspenetatik kanpo gelditzen zen, eta horregatik izan da sorpresa. Egia esan, Zinemaldiak Zabaltegin film laburrak erakusteko zabaldu duen leiho berri hau aintzat hartzekoa dela uste dut.

Zinemirako epaimahaia ere bazara aurten. Lehenago egin al duzu epaile lana?

Egin dut aurretik, baina beti gauza txikietan, sekula ez festibal batean. Eskaini didate behin edo behin, baina beti atzera eginarazi dit kontuak. Epaitzea ez da erraza. Aurten proposatu zidaten, eta tira, zergatik ez? Serio hartzen dudan lana da, urduri samar nago. Espero dut beste zerbait ikusteko aukera izatea. Izan ere, lagunak ikusten ditugu beti Zinemaldian, garai polita da.

Pelikulan heriotza eta hilketa lantzen dira, musika oinarri hartuta.

Horrela suertatu zen. Heriotza eta bizitza gureak diren gauzak dira, baina askotan saihestu edo tapatu egiten dira. Eta bat-batean, «Zela Trovke» abestiaren letra hain modu gordin, zuzen eta hotz ikustea edo entzutea... Hilketa hain gordin kontatzeak, pila bat ipintzen nau.

Maite Larburu nire koinataren ahizpa delako etorri zitzaidan istorio hau. Varsoviako kontzertu bateko grabazioa ekarri zidan, non «Zela Trovke» ari ziren interpretatzen eta bukaeran zerbait gertatu zen. Gertatu zen hori entzun nuenean plantxatuta gelditu nintzen, eta ileak tente jarri zitzaizkidan eta Maiteri pelikula bat egin zitekeela komentatu nion. Gero letra ezagutu nuen eta nahitaezkoa bihurtu zen. Filmean hilketa horretaz eta gertatu zen hartaz hitz egiten ipini nituen taldeko kideak eta hori da pelikula, ez dago beste ezer.

Abestiaren letran emakume batek gizon bat hiltzen du aizkora batekin, modu basatian, eta orkestrako kideak, denak oso finak, hilketaz hitz egiten ikustea izugarria da. Gainera, oso pelikula erraza izan da egiteko. Niri istorioa etorri egin zitzaidan, baina berez Maite Larburuk sortu du. Berak egindako zerbaiten ondorioa da hau guztia, eta alde horretatik berari zor diogu dena, bera da pelikulako protagonista, ahotsa, irudia, arima... Dena da bera.

Hiltzea naturala dela aipatzen da. Zuk zer uste duzu?

Nik baietz uste dut. Heriotza gaur egunean modu tapatuan agertzen da, moral asko dago horren guztiaren atzetik. Gizakiaren defentsak direla uste dut, baina ez dakit ez ote den hobeto izango heriotza ukitzea, beste modu batera tratatzea. Gainera, zinemak asko zor dio heriotzari pelikula askotan dagoelako tartean. Gauza oso emankorra da, eta nik asko maite dut umore beltz hori, muga horretan ibiltzea, alegia.

Desberdina da emakume batek gizon bat hiltzen badu?

Garrantzi handia du horrek. Modu batera edo bestera emakume hori ulertu egiten dugu. Egunero gertatzen direlako injustizia asko, emakumea zapaldua izan delako historian zehar. Gainera, XI. mendeko abesti bat izanik are gehiago: zenbat arrazoi izango dituen pentsatzen duzu. Polita hori da, ez jakitea zeintzuk diren arrazoiak, baina denok imajinatu ditzakegu.

Gaur egun hilketa baten alde zaudela esatearekin batera moralki kondenatuta zaude, baina ulertzen dugu emakume hori eta horrek asko erakartzen nau.

Proiektu berriren bat duzu esku artean gaur egun?

Orain dela ia bi urte grabatzen hasi ginen film labur bat grabatzen amaitu dut orain bi aste. Oteizaren poema batean oinarrituta dago eta oraintxe muntatzen gabiltza. Efektu digital asko dauzka eta oso proposamen erakargarria da, oso surrealista.

Eta beste alde batetik, beste film luze bat egiteko finantziazioa bilatzen ari naiz. Fikzioa izango da eta baserri inguruan dago kokatuta. «Amama» izena du. Gustatuko litzaidake datorren urtean edo hemendik bi urtera grabatzen hastea.

Zirkuiturik badute laburrek, zinemaldiez gain?

Gaur egun oso nabarmen ikusten da areto komertzialak krisian daudela, jendea ez da pelikulak ikustera inguratzen. Argi dago zinemaldiek bere publikoa mantentzen dutela ekintza sozial bezala. Orain arte film laburrak zinema komertzialetatik kanpo egon dira, baina orain, parekatzen ari dira. Labur bat egiten duzunean luze baten adina edo gehiago ikusten da, errazagoa delako mugitzen. Gainera, Kimuak bezalako egitasmo batek asko laguntzen du. Alde horretatik nire film laburrak luzeak baino gehiago ikusi dira munduan. Interneten ere gero eta errazagoa da laburrak zabaltzea eta nik uste dut gero eta indar gehiago edukiko dutela.

Nola ikusten duzu euskal zinemaren osasuna?

Proposamen aldetik eta jendearen sormen aldetik izugarri osasuntsu ikusten dut. Aurtengo Kimuak-eko deialdian, adibidez, 75 film labur aurkeztu izana izugarria iruditzen zait. Agian ez zaio hainbesteko garrantzirik ematen, ez ditugu edo ez gaituzte zaintzen hainbeste, baina egun batean agian konturatuko gara zer-nolako potentziala dagoen.

Azken hamar urteetan gainera, «Aupa Etxebeste» egin eta gero, kristoren pelikula pila egin dira. Jende oso adimentsu pila dago filmak egiten eta film horiek aurrera eramatea gero eta zailagoa dela ikusten dut. Krisia egongo da tartean, baina pelikula horiek egin egin behar dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo