GARA > Idatzia > Ekonomia

EHLG-k «garaipen bat» lortu duela dio, prefetak ez baititu salatu 2012an jasotako diru laguntzak

GARA | BAIONA

Senpereko Herriko Etxeak 2010ean Euskal Herriko Laborantza Ganberari (EHLG) emandako 2.000 euroko diru laguntza deuseztatzea erabaki zuen asteartean Paueko epaitegi administratiboak. Prefetak jarritako salaketaren ondorioz hartu zuen erabaki hori epaitegiak.

Christine Bessonart Senpereko auzapezak eta Michel Berhocoirigoin EHLGko buruak gertakari horren gibelean, «berri on bat» bazegoela nabarmendu zuten elkarrekin egindako agerraldi batean. Izan ere, Udalak 2012. urtean EHLGri berriz ere eskainitako 2.000 euroko diru laguntza ez du salatu prefetak, eta legezkotasun kontrola gainditu duenez, «inork ezin izanen du horren aurka egin».

«Erabaki horrek bide berri bat irekitzen du EHLGren diruztatzeari dagokionez», nabarmendu zuten. Nolanahi ere, zehaztu zutenez, prefetak 2008, 2009 eta 2010ean salaketak pausatu zituelarik ez zuen xedetzat ez «EHLGren proiektuaren aurka» egitea, ez «herriko etxeengandik diru laguntzak eskuratzearen aurka» egitea. «Ez zen funtsezko arazo bat, formari loturikoa baizik», argitu zuen, bere aldetik, Jean Renee Etchegaray abokatuak. «Prefetak Senpereko Herriko Etxeari diru laguntzen eskaintzaren arrazoiak ez argitu izana leporatzen zion».

Dirua itzulia

2012an, aldiz, diru laguntzaren zergatia hobeto zehaztua izan zen, eta ondorioz, legezkotasun kontrola gainditu zuen. «Herriko Etxeek ez dute, gehiago, inongo arazorik ukanen EHLGri diru laguntzak emateko», esan zuen Berhocoirigoinek. Asteartean epaileak emandako ebazpenaren ondotik, Senpereko Udalak bi hilabete ditu EHLGri dirua eskatzeko. 2.000 euroak itzuliko dituztela esan zuen Berhocoirigoinek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo