GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Biarritzek puntu premia handiarekin jokatuko du

Avironek ere garaipenik lortzen ez badu, jaitsierako postuan sar daiteke.

p035_f02.jpg

Jon LEUNDA

Egoera larrian, oso larrian heltzen dira Top 14ko bi euskal taldeak zazpigarren jardunaldira. Azken postuan dago Biarritz eta bi postu aurrerago, berriz, Aviron. Gaurko jardunaldiaren ostean, gerta daiteke biak izatea jaitsierako postuetan, nahiz eta hori ez duen inork nahi.

Biarritz da etxean arituko den taldea, eta Grenoble hartuko du 18.30ean Agileran. Derrigorrez irabazi beharreko norgehiagoka horietakoa dauka talde zuri-gorriak. Grenoble ere sailkapeneko atzealdean dago, lapurtarrak baino sei puntu gehiagorekin, jokatu dituen sei partidetatik hiru irabazi eta hiru galduta. Hori bai, aurten oraindik ez du ez erasoko eta ez defentsako puntu gehigarririk lortu.

Biarritz, berriz, sailkapeneko azkeneko postuan dago, jokatutako sei partidetatik bat irabazi eta gainerakoak galduta. Defentsako bi puntu gehigarri lortu ditu, eta eskerrak, bestela bere egoera oraindik eta kezkagarriagoa izango bailitzateke.

Egoera honetan, eta zaleen konfiantza gutxirekin ekin beharko dio gaur Biarritzek bere neurketari. Presioa ere handia izango du. Galduta, talde zuri-gorriari une honetako aurkari zuzenek ihes egingo lioketelako sailkapenean, eta bera gero eta atzerago geratuko litzateke.

Jadanik asko dira Pauen kasua Biarritzen ikusten dutenak. Biarnokoek ere Top 14ko talderik handienetakoa izatetik, orain Biarritz bezala beheko postuetan ibili eta jaitsiz amaitu baitzuten, nahiz eta inork uste ez zuen, eta gero eta gehiago dira Agileran ere gauza bera gertatu daitekeela uste dutenak, azkeneko hiru denboraldietan arrisku handian baitabil.

Gaur garaipena lortzen badu ere ez da jaitsierako postutik irtengo, baina gutxienez aurreko taldeengana gerturatuko da, betiere haiek irabazten ez badute, eta Brivek eta Avironek dituzten aurkariak ikusita, ez dirudi haiek aukera asko izango dutenik. Bajek, berriz, asko izaten jarraitzen dute Agilerako taldean. Balshaw, Broster, Dubarry, Gimenez, Hegi, Lesgourgues, Lakafia, Magnus Lund eta Marie lesionatuta daude, eta gaur arratsaldean ere ez dira Agilerako berdegunean izango, oraindik ez baitira osatu.

Ordu berean Avironek Toulonen, egungo txapeldunaren zelaian, jokatuko du. Ikusita orain arte Baionako taldeak nolako maila eman duen etxetik kanpo jokatu duen bakoitzean, ezin izan konfiantza handiegirik. Toulon txapelduna izateaz gain, sailkapeneko bigarren postuan ere badago, eta orain arte oso itxura ona eman du, aurtengo Top 14 txapelketa irabazteko ere faborito nagusietakoa dela oso garbi utzi du. Orain arte hiru norgehiagoka irabazi ditu, bat berdindu eta bi galdu ditu.

Baionarrak bikain hasi ziren aurten, etxeko lehen partida irabazi eta itxura paregabea emanez, baita sailkapeneko lehen postua eskuratuz ere, baina gero etxetik kanpo galtzeaz gain, oso itxura kaskarra eman dute, eta orain etxean ere galtzen hasi direnez, sailkapeneko beheko postuetara joan da taldea, eta orain jaitsieratik puntu bakar batera dago, lau partida galdu eta bi bakarrik irabazita. Gaur puntu gehigarria lortzea ere ez litzateke txarra, baina hori ere ez da batere erraza izango.

Federal 1eko lapurtarren derbia jokatuko da

Federal 1ean, lapurtarren arteko derbia jokatuko da gaur 17.30ean Hendaian. Bertan Stade Hendayais eta Donibane Lohizune neurtuko dira. Etxekoek orain arte jokatu dituzten bi norgehiagokak galdu egin dituzte, eta kanpotarrek, berriz, bat irabazi eta bestea galdu. Derbiak beti derbi dira, baina kanpotarrak aterako dira gaur garaipena lortzeko faborito. Bihar, 15.00etan berriz, mailako beste euskal taldeak jokatuko du, Maulek, alegia. Zuberotarrak ongi hasi dira, eta bihar ere garaipena lortzeko aukera paregabea izango dute. Haugetnautienen zelaian jokatuko dute. Hauek aurten oraindik ez dute partida bakar bat ere irabazi. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo