GARA > Idatzia > Ekonomia

Erretiroaren erreformaren aurka, mugimendu soziala indartu nahi du Oldartuk

Irailaren 10eko greba egunaren ondotik sindikatuek protestan jarraitu ez dutenez, Oldartu kolektiboak dei egin du «ihardespen bateratua» ematera, Gobernuari eskatuz erretreten erreforma bazter dezala.

p024_f02.jpg

GARA | BAIONA

Frantses gobernu sozialistaren erretreten erreforma berria salatzeko greba eguna eta manifestaldia egin zuten sindikatuek joan den irailaren 10ean. Datorren mobilizazioak urriaren 7 eta 11 bitartean finkatuak dituztela ikusirik, gizarte mugimenduaren eskutik, erabaki horrek salaketak piztu ditu, «protesta etetearen» arriskua dagoela uste baitute.

Iritzi horrekin bat eginik, Oldartu kolektiboak «egiazko protesta» eta ekintzak bultzatzeko beharra dagoela esan zuen berriki. Izan ere, joan den irailaren 10eko manifestaldiaren ondotik, sindikatuen arteko lehenengo biltzar nagusi bat izan zela azaldu zuen Oldartuk, baina, «tamalez», CGT eta CFDT sindikatu handiek ez zutela bertan parte hartu. «Biltzar nagusi horietan mugimenduari emanen diogun jarraipenari buruz hitz egiten da. Seguruenik horregatik ez dira hurbildu sindikatu horiek».

Halere, 2010ean izandako erretreten erreformaren aurkako mobilizazio indartsuak gogoan dituela, proiektu «teknokrata eta antisozial» horri aurre egiteko, «ihardespen bateratu» bat egin behar dela nabarmendu zuten kolektiboko kideek. Horretarako, ondoko egunei begira bi ekintza antolatu dituzte. Lehena Interneten egingo dute, www.petitionsduweb.com webgunearen bidez, sinadura kanpaina eginez.

Dei publikoa

Bestalde, erreformaren aurka dauden herritarrak batzeko asmoz, datorren asteartean, irailak 24, biltzar nagusi bat antolatuko dute Baionako Lan Burtsan. Bilkura horren ondotik, dei publiko bat egingo dute François Hollande frantses presidenteari eta Jean-Marc Ayrault lehen ministroari proiektua atzera botatzeko.

2010ean bezalako mobilizazio indarra lortu nahi dute, baina Oldartuk argi dauka orain ezberdina dela. Ikasturte hasiera mobilizaziorako garai txarra izateaz gain, CFDTk erreformaren alde egin duela ohartarazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo