GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Imajinatzea libre

Imajina dezagun elkarte batek, legezko elkarte batek, jakina, esate baterako, Ertzaintzak, omenaldi bat antolatu duela. Omendua Ertzaintza da, eta Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Heredia hainbat diploma banatzen hasi da, haietako bat ETA politiko-militarrari. Polimilien ordezkariak txapel handia, anoraka, galtza bakeroak eta botatzarrak daramatza, eta diploma jasotzera hurbildu denean, hunkituta ematen du, aurpegian nabaritzen ez bazaio ere, estalita darama-eta, baina ukabila altxatu duenean, dar-dar egin du.

Imajina dezagun biharamunean PSEk... tira, ez, UPDk Segurtasun sailburuaren dimisioa eskatu duela. «Zergatik, baina? Hauek, zera, morroi hau, aspertzen ote da?», dio Estefaniak.

Eta imajina dezagun, zenbait hilabeteren ondoren, Maneiro nekaezina alamena ematen agertu dela berriro Legebiltzarrean, terrorismoa omentzea debekatzeko legez besteko proposamena aurkeztuta. PPkoak proposamenaren alde agertu dira, baina Ertzaintza omentzea ere debekatu beharko litzatekeela diote. EH Bilduko batzuk bat datoz proposamenarekin; beste batzuek berriz, polimiliak omentzea baino ez debekatzea proposatu dute. PSEkoak ere proposamenaren aldekoak dira, baina polimiliak omentzea salbuespena izan behar duela diote, eta, horren truk, Hondarribiko alarde parekideari omenaldiak egitea debekatzeko eskatu dute. Azkenik, EAJren bozeramaileak hitz egin du: «No tenéis ni puta idea... barkatu, esan nahi dut ez duzuela ideia zorririk historiaz. ETA politiko-militarreko kide ohiak terroristatzat jotzea historiaren berri ez jakitearen ondorio da. Mehatxu faxistari ez zaio zauri berriak zabalduz aurre egiten». Eta Jose Bonok zabaldutako bidea -Urriaren 12ko desfilean Division Azul-eko kide ohi bat eta soldadu errepublikano bat elkarrekin jarri zituen- gogorarazi zuen: «Guk polimili ohi bat eta Billy el Niño jarriko ditugu tipi-tapa elkarren ondoan Bazko Igandean, Aberri Egunean, alegia. Eta Billyk etortzerik ez badu, Rodriguez Galindo».

Larregi imajinatzea dela? Bai zera, irudimena PPkoena. Egia da Madrilgo Kongresuan Gobernu espainolak Katalunian duen ordezkariak Division Azul, Hitlerrekin borrokatu zena, omendu zuela, baina Konstituzioa urratu gabe.

P. S.: Ez zait burutik pasatu ere egin ETA Division Azul haren pare agertzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo