Floren Aoiz www.elomendia.com
Esperanza Agirreren begirada zorrotza
Agirreren ustetan, eztabaida maila emozionalean kokatu da hein handi batean, eta halakoetan, independentziaren aldeko joerak indartu besterik ez dira egiten
Espainiar eskuina Esperanza Agirreren eskuetan erortzea ez litzateke berri pozgarria izanen. Ez dakit noizbait gertatuko ote den, baina bistan dago Agirrek ez duela politika uzteko asmorik: gogotik ari da ideiak zabalduz eta protagonismoa bilatuz. Oraingoan Kataluniari buruz mintzatu da eta bazterrak nahasi ditu, berriz ere, nolabaiteko ortodoxiatik at dauden ideiak aipatuz. Horretan, aitor dezagun, trebea da. Ez du PPkoen narratiba bera egiten, eta horixe bera bilatzen du: ezberdin agertzea ezberdina dela adierazteko.
Ustelkeriaren burbuilatik urrun ez dagoen norbait izatekotan, horixe dugu Agirre, baina tinko agertu da Barcenas afera dela-eta erantzun gogorragoa eskatuz. Harago ere joan da, bere burua garbitasunaren ikur gisa aurkeztuz. Beste edonor, bere egoeran, edozein zuhaitzen azpian gordeko litzateke, baina berak ez du lehen harria jaurtitzeko arazorik izan.
Oraingoan jarrera zuhurragoa gomendatu du Kataluniaren aurrean. Europar Batasunetik kanpo gelditzeko mehatxuak edota hondamendi ekonomikoaren aipamenak lekuz kanpo daude, Agirreren ustetan, eztabaida maila emozionalean kokatu baita hein handi batean, eta halakoek independentziaren aldeko joera indartu besterik ez baitute egiten. Independentistak seduzitu egin behar ditu Espainiak, maila emozionalean eragin nahian. Hala uste du Esperanzak.
Adierazpen hauen atzetik ez dago, jakina, espainiar estatu eredua demokratikoki aldatzeko asmorik, Konstituzioa erreforma daitekeela aipatzen bada ere. Ohiko topikoak errepikatzen ditu Agirrek, eta argi utzi du ez dagoela kontsulta egiterik. Ez zaigu, beraz, federalista bilakatu, ezta herrien eskubideen defendatzailea ere. Espainiar nazionalismoaren egitasmoaren inposizioaren moldeaz ari zaigu, berriz, emankorrena bilatu nahian. Espainiar nazionalismoaren garaipena bermatu nahi duelako, zalantzan ikusten duen honetan. Autonomien eredua gaurkotu nahi du Agirrek, Espainia salbatzeko.
Nola gaurkotu inposizioa inposizio gisa ez agertzeko? Galdera honi erantzun nahi izan dio. Agian pentsatzen du bera lider politiko egokia izan daitekeela lan horretarako. Ez dut uste Kataluniako independentistek hala pentsatzen dutenik, baina, txantxetatik harago, egonezina adierazten du gure emakumeak, ziurrenik, boterearen munduan zabaltzen ari den egonezina.
Agirreren proposamenak etorkizunik izan ala ez, zerbait egiteko grinaren sintoma da. Bestela esanda, Rajoyren Gobernuaren jarreraren aurreko kritika. Adierazpen hauek aukera hori indartu ala ahuldu dezakete. Oportunista handia da Agirre eta interes pertsonalak ditu, denok dakigunez, baina egunetik egunera sakontzen ari den estatu krisiak urduritasuna eragin du eta tes- tuinguru honetan kokatuko nuke nik non eta Kataluniako elite atzerakoiaren aurrean egin zuen mintzaldia.
Sedukzioaren bidea hartzea, berriz, ez da hain erraza, batez ere estatu eredua blindatzeko asmoa nagusitzen bada. Goizegi da hau dena zertan geldituko den aurreikusteko, baina zerbait mugitzen ari da espainiar eliteen munduan, protagonismo lehietan agortzen ez dena.