Robert Crumb «underground» marrazkilaria sarituko dute Bilboko Barrea jaialdian
GARA | BILBO
Umorezko literatura eta artearen astearen laugarren edizioa da honakoa, eta aurrekoek baino iraupen handiagoa izango du, astebete, hain zuzen ere. Irailaren 30ean hasiko da Bilboko Barrea, eta urriaren 6an bukatu; horrez gain, urriaren 23an, ekitaldi berezi bat antolatu dute, Jose Luis Cuerda zinemagilea delarik protagonista.
Underground komikiaren sortzailetzat jotzen den Robert Crumb marrazkigile estatubatuarrak jasoko du aurtengo Bilboko Barrea saria. Fritz the Cat, Mister Natural, Flakey Foont edo Snoid bezalako pertsonaiek eta «Mis problemas con las mujeres» edo «Si yo fuera rey» istorio sortek osatzen dute egilearen lan grafiko zabala. Ospetsua izan zen 1968an Janis Joplinen «Cheap Thrills» diskorako landu zuen azala. 1999an, Angulemako Komiki Jaialdiko Sari Nagusia jaso zuen. Santiago Segurak elkarrizketatuko du marrazkilaria, eta ostean bere lanari buruzko erakusketa antologikoa egongo da ikusgai, BBK Aretoan.
Nick Hornby, azken hamarkadetako idazle ingeles arrakastatsuenetariko bat, elkarrizketatuko du Kiko Amat idazle katalanak.
Hainbat mahai-inguru ere antolatu dituzte. Javier Mariscal eta Nazario Luque Bartzelonako 70eko mugimendu kontrakulturalaz mintzatuko dira. Fermin Muguruza, Roberto Moso eta Gari, 80ko hamarkadako urteei buruz hitz egiteko elkartuko dira. Emakumezkoek idatzitako literaturako umore transgresorea, underground umorea...
Beste berrikuntza bat ere badakar aurtengo edizioak. Fernando Truebak sail berria estreinatuko du. Alondegiko auditoriumean zinemako umorezko hamar sekuentziarik gustukoenak aurkeztu eta komentatuko ditu.