GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

ALTERNATIBOAK | 61 DONOSTIA ZINEMALDIA

Aretoetatik at ere zinemaren munduaz gozatzeko aukera badago Donostian

p042_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Maria Cristina hoteletik Kursaalerako bidea alfonbra gorriz jantzita dago, eta Zinemaldira etortzen diren bisitari gehienak bertatik dabiltza bueltaka etengabe. Okendo plazan, hotelaren alboan, atseden hartzeko edota zinema aretoetatik ateratzeko aukera dago bertan kokatzen dituzten karpei esker. Bertan dago, adibidez, «Star Wars» sagako pelikulei eskainitako erakusketa, zientzia fikzioaren maitaleen gustukoa izango dena.

Trinitate plaza, ordea, kultura japoniarraren eta euskaldunaren topaleku bilakatu da Cinema Caravan egitasmoari esker. Bertan Japoniako janaria dastatu eta musika entzun dezakegu, baita hitzaldietan parte hartu ere. Zinema ezin da falta, noski. Gaur 2002. urtean animaziozko film onenaren Oscar saria eskuratu zuen «Chihiroren bidaia» ikusi ahal izango dugu 21.00etatik aurrera.

Bestalde, garai batean Astoria zinema zegoen eraikinean egun Astoria 7 hotela dago, eta bere iragana gaurkora ekarrita, erakusketa bat paratu du bere korridoreetan. «Zinemaldiko damak» Hollywoodeko izarren erretratuak biltzen ditu hoteleko liburutegiaren inguruan.

Amaitzeko, Donostiako zinemetako ohiko giroaz aparte, bestelako filmak ikusi nahi duenak ere aukera izango du Groseko Kortxoenea Gaztetxeari esker, Zinemaldi Alternatiboa prestatu baitu. Pelikulak ikusteko lehen eguna astelehena izango da, 19.00etatik aurrera, «Morritson eta Gartzia» filmarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo