Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Immigrazio literatura (eta II)
Ados nago Jhumpa Lahirirekin, baina literatur sistema ez dator gure ikuspegiarekin bat. Hain zuzen, Lahiriri «immigrazio literatura» delakoaz iritzia galdetzeak argi erakusten du literatura antolatu eta sailkatzean nazioari ematen zaiola lehentasuna. Edo, hobeto esanda, nazioa ulertzeko modu hertsi eta sinpleegi bati heltzen zaio, jaioterria = etnizitatea = hizkuntza ekuazioaren bidez azal daitekeena. Alegia, jaioterriak markatzen du etnizitatea eta hizkuntza, etnizitateak jaioterria eta hizkuntza, hizkuntzak etnizitatea eta jaioterria. Ekuazioko elementuetako bat aldatzen bada, kanpotar/immigrante kategoriara pasatzen da bat zuzenean. Are ondoko belaunaldiek ere immigrazioaren marka eramango dute per secula seculorum: lehen, bigarren eta hirugarren belaunaldiko etorkinez hitz egiten den eran, lehen, bigarren eta hirugarren belaunaldiko immigrazio literaturaz hitz egiten da mundu akademikoan. Immigranteak herritar oso bihurtzeko eskubiderik eta gaitasunik ez balu bezala. Immigrante hitzaren erabilerak berak ukatu egiten du aukera hori. Immigrantea ez da herritarra.
Errealitatea aipatu ekuazioa baino konplexuagoa da, baina gaur egun nekez aurkituko dugu (iraganean ere nekez aurki zitekeen moduan) erabateko isolamenduan garatu den etnizitate eta hizkuntzarik. Jaioterriarena ere kontu labainkorra da, nonbaiten jaio izateak ez baitu zertan subjektuaren nortasuna (etnizitate eta hizkuntzari begira) markatu. Are gehiago, bat hainbat tokitakoa senti eta izan daiteke, eta horrek ez du traidore («jatorrizko» lurraldearekiko) edo «ez hain benetako» bihurtzen.