GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Gazte mugimendua arnas, berau zerbitzatzea xede

Azaroaren 2an sortuko da Ipar Euskal Herriko gazte abertzale eta ezkertiarren antolakunde berria, egun horretan ezagutaraziko baita orain arte Gazte Dinamika Berria izeneko prozesutik aterako den eragile berriaren izena. Hilabeteetan hausnartzen, herriz herri «Jeiki gazte!» egitasmoari gorputza emanez, gazte problematika identifikatzen eta euskal gazte mugimendua arnas eta berau zerbitzatzea xede izanen duen tresneria eskuratzen aritu dira; iragana irakasgai, Euskal Herri askatua eta euskal jendarte zuzen bat ardatz, eta hain aldakorra eta kezkagarria den oraina lanabes hartuta. Ipar Euskal Herriko gazte antolakunde berriari ez zaizkio erronkak faltako. Beste hauek ere ez, ordea: gazte mailan berton izan diren eta zer irakatsi ematen duten esperientzia oparoak, gazteena eta gazteentzat izateko sortu behar diren baliabide berrien eskaria, ongi interpretatu beharko dituen berezko problematikak eta kolektiboki jardunez lanerako gogoz dauden ehunka gazte abertzaleen ekarpena. Horrekin guztiarekin asmatu egin beharko du. Erabaki zehatz eta gauzagarri zuzenak hartzen asmatu. Eskuliburuetan existitzen ez diren soluzio berriak sortzen asmatu. Eta geroak esango du. Agian... Agian...

Ongi etorria bedi gazte antolakunde berria. Ausart eta jarreraz egin dezala bere bidean aurrera. Gazte mugimendua abiapuntu eta helburu. Goiari eutsiz eta aberria biziz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo