GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ipar Euskal Herriko gazte erakunde berria aurkeztuko dute azaroaren 2an

Duela hilabete batzuk gazte dinamika berria sustatzeko abiaturiko eztabaida helmugara iristen ari da. Hala, gazte ezkertiar eta abertzaleek sortuko duten erakunde berriaren nondik norakoak azaroaren 2an ezagutaraziko dituzte Baionan antolatu duten Jeiki Gazte egunean.

p014_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Dozenaka gaztek joan den otsailean Ezpeletako Gazte Egunarekin irekitako bideak laster izango du emaitza. Izan ere, han bildutako gazte ezkertiar eta abertzaleek gogoeta prozesuari ekin zioten gazte dinamika berria sustatzeko helburuarekin.

Geroztik, antolakuntza mota, beharrezko baliabideak, oinarri ideologikoak eta lan ildoak finkatzeko hausnarketan aritu dira Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako 120 bat gazte.

Zortzi hilabete igarota, antolatzeko premia dagoela izan da ondorio nagusia. «Argi eta garbi azaldu da gazteok antolatu beharra dugula, gure egunerokotasunean ditugun arazoei modu eraginkorrago batean erantzuteko eta konponbideak lortzeko» adierazi zuten, atzo, Baionan, Ibai Agirrebarrenak eta Koldo Etxegaraik, Gazte Dinamika Berriko bozeramaileek.

Beren ahotsa entzunarazteko tresna ezinbestekotzat jo zuten antolakunde berria izatea: «Ipar Euskal Herriko gazte ezkertiar eta abertzaleok eragile politiko eta sozial bat sortu nahi dugu gizartean eta, oro har, sistema honetan gure ahotsa entzuna eta errespetatua izan dadila».

Sorrera ofiziala

Erakunde berria Ipar Euskal Herrikoa izango da eta bertako eremuan jardungo duen arren, «ikuspegi nazionala» izango duela eta «Euskal Herri mailako lan ildoak landuko» dituztela nabarmendu zuten Ibai Agirrebarrena eta Koldo Etxegarai eledunek.

Azaroaren 2an sortuko dute ofizialki Lapurdiko hiriburuan bertan. Horren karietara, «hastapenetik gure antolakundeak duen garrantzia eta pisua azaleratzeko» egun osoko egitarau aberatsa osatu dute, «Jeiki Gazte» izendatu dutena eta Baiona Ttipian igaroko dena.

«Gazte eta ez hain gazte guztiak» gomitatu dituzte bertan parte hartzera. «Etorriko den orok, ongi pasatzeaz gain, historia markatuko duen egun bat ezagutuko du», gaineratu zuten irmoki.

Jeiki Gazte egunerako egitarau oparoa

Antolakunde berria aurkezteko prestatu duten eguneko egitaraua goizeko 9.30ean hasiko da, askotariko esparruetan lanean dabiltzan nazioarteko eragile gazteekin egingo duten eztabaidarekin.

Europako krisi ekonomikoa izango dute hizpide eta «sakontasun handia izanen duen gogoeta» iragarri dute. Besteren artean, Korsikatik, Bretainiatik, Flandriatik, Alemaniatik, Italiatik, Kataluniatik, Venezuelatik, Palestinatik eta Kurdistanetik jindako gazteak presente izango dira.

Eguerdian, 12.30ean, martxa alaia egingo dute Baionan gaindi, bazkariari ekin aurretik. Otordua txarangaren musikak animatua eta bertsoz josia izango da, Odei Barroso, Maddi Sarasua eta Amets Arzallusi esker. Segidan, ikuskizuna eta «gazteen arteko loturak sendotze aldera» jokoak izango dira.

Ekitaldi politikoa izango da eguneko une nagusia. 19.00etan burutuko da eta, antolatzaileen esanetan, «historikoa eta esplosiboa» izanen da.

Eguna bukatzeko, kontzertu saioa aurreikusi dute Mousserolles parkean (Baiona Ttipiko San Andres plazaren atzealdean) Bizio, Berri Txarrak eta DJ Pone taldeekin. «Sorpresaren bat» ere izango dela iragarri zuten. A.M.

NAZIONALA

Antolakunde berriak Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako eremuan jardungo duen arren, «ikuspegi nazionala» izango duela nabarmendu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo