GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

61 DONOSTIA ZINEMALDIA

«Filmen xarma norberarekin zerikusia duten pertsonaiak aurkitzea da»

p043_f01.jpg

Liliana Torres

«Family Tour» filmaren Zuzendaria

Gidoilaria, ekoizlea eta bideo-artista da Bartzelonako sortzaile gazte hau, eskarmentua bereziki filmak zuzentzen badu ere. Lanari jarraituz Mexikora joan zen bizitzera, familiarengandik urrunduz. Etxera bueltatu zeneko sentimendu kontrajarrien berri ematen digu bere azken lanak, «Family Tour». Filma egunotan Donostian dago ikusgai; gaur, 18.30ean Trueban eta, bihar, 22.00etan Principen.

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Donostian ikusi ahal izan dugu «Family tour» filma lehen aldiz, Zabaltegi sailean. Lana ikusteko lehenengo aukera izanik, Liliana Fernandez zuzendaria urduri zegoen berarekin hitz egin genuenean. Filma bere iraganeko izaeran oinarrituta dago eta pertsonaia gehienak ez dira aktoreak, bere familiako kideak baizik.

Pertsonen bizitza arrunta kontatzen du «Family Tour»-ek. Zein da ikusleak erakartzeko formula?

Bizitza arruntari buruzko filma izateak ez du esan nahi erakargarria ez denik. Nik esaldi bakar batean laburtuko nizuke: «Unibertsala izan nahi baduzu, zure zilborra begiratu ezazu». Gutako edonork izan dezakeen edozein arazok beste leku bateko edozein pertsonarekin bat egin dezake. Beti daude giza-gatazkak, eta horiek dira jendea batzea lortzen dutenak. Egia da «Family tour»-ek Zinemaldian dauden beste filmekin zerikusirik ez duela. Gakoa da hain intimista dela, ezen bertan agertzen diren pertsonak istorioa inspiratu duten berberak baitira.

Nire aitonak ere sardexkan marrak egiten zituen berea zela bereizteko. Honelako keinu ez hain arruntekin jendearekin konektatzea al duzu helburu?

Niretzat oso garrantzitsua da badaudela gauzak denak batzen gaituztenak eta gauza berberak bizi ditugula. Denbora guztian pentsatzen dugu bakarrik gaudela, gainontzekoek ez gaituztela ulertzen... indibidualtasunaren bidetik jotzen dugu. Horregatik da hain garrantzitsua komunean dugun hori deskubritzea. Hori da filmek duten xarma, norberarekin zerikusia duten pertsonaiak aurkitzea posible dela.

Mexikon bizi zinen eta oporretan etxera itzuli zinen. Zein da bidaia horrek filmean duen garrantzia?

Nire bizitzan oinarritutako pertsonaiak, Lilik, pentsatzen du inork ez duela bera ulertzen. Nik uste dut esnatu egin behar dela, pertsonenganako urruntasun hori berak sortzen duelako. Gainerako pertsonaiak benetakoak dira; Lili da gauzak ezkutatzen dituen bakarra, lasai egoten saiatzen dena benetan sutan dagoenean, azkenean eztanda egiten duen arte. Fase hori denok gainditu behar dugu bizitzarekin adiskidetzeko. Inguruan duzun horrekin nahastea lortzen ez baduzu, ez duzu ezer balio.

Pantailan ikusten duguna zure bizitza da neurri handi batean.

Pertsonaiak honelakoak dira, ez ditut asmatu, eta gertatzen diren pasadizoetako asko ere benetakoak dira. Aktoreak diren bakarrak pertsonaia gutxi dira: Nuria Gago, nire papera egiten duena; osaba Eduardo, filma egiten ari ginenean oso gaixo zegoelako; eta bigarren mailako pertsonaiaren bat. Joana, filmean agertzen den nire laguna, ere benetakoa da. Orain ospe handia lortzen ari den folk kantaria da. Nire mutil lagun ohiaren papera egiten duen mutila ere ez da benetakoa, baina Lilik Skype bidez bere Mexikoko mutilarekin hitz egiten duenean, elkarrizketa hori benetakoa da, nik nire orduko mutilarekin izan nuena.

Nuria Gagoren lana ez da erraza, zu begira zintuela zure papera egin behar izan baitzuen.

Arraroa izan zen, oso desberdinak garelako. Bera irekia da, jatorra, jendeari barrea ateratzen daki... eta ni oso hotza naiz, astiro joaten naiz jendearekin ditudan harremanetan. Berak jendea ukitzeko ohitura dauka, eta nire amarekin egiten zituen sekuentzietan esaten nion «ez ukitu! Lilik ez du ukitzen!»

Egia esan, erraza izan zen, zeren nik fase hori gaindituta nuen. Filmean ikusten dugun Lilik 27-28 urte ditu. Nik orain 33 ditut. Beste Lili horren izaera aspaldian nuen onartua eta banekien zer kontatu nahi nuen. Nire bizitzan murgildu ginen, txikitako argazkiak ikusi genituen eta nire familiari buruz hitz egin nion. Amaierako emaitzan neure burua ikusten dut islatua, Nuriak egindako lanean.

Zure amak ez du zinemaren munduarekin zerikusirik. Zein izan da bere jarrera?

Oso pozik dago. Jaialdian gustura dabil. Uste dut berriro film batean parte hartzea proposatuko baliote, baiezkoa emango lukeela. Esaten du lan hau erraza dela, ez dela ezer egin behar! Noski, filmean ikusten dugun pertsonaia bera da, ez da antzezten ari, baina, hala ere, edonor ez da gai kamera aurrean jarri eta eskatzen digutena egiteko.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo