GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sanmigelak, jai kuttun eta bizitasun eztanda totala Aretxabaletan

Herri bizi eta dinamiko baten lekukotza dira sanmigelak. Aretxabaletako kaleak jendez betetzen dira, jaki eta frijituen usainarekin, abereak eta ortuko produktuak, euskal musika, jantzi eta tradizioa... «atxabaltarrek» biziki maite duten jaia bertan eta beraiekin gozatzeko gonbidapena da.

p017_f02.jpg

Mañel LARENA | ARETXABALETA

1989. urtean antzinako usadiozko ezkontza gisa hasi zena, hurrengo urtean usadiozko bataio egin zena, urtez urte erromeria bezala sendotzen eta sustraitzen joan da. Sanmigelak aretxabaletarren gogo-bihotzetan guztiz errotu diren jaiak dira, maitatuak eta parte-hartzaileak oso, agian abuztuaren erdialdean ospatzen diren andramaixetan herritar asko herritik kanpo egoten delako, edo agian ez, baina kontu ziurra da Debagoienako herri koxkor eta eder honetara hurbiltzen direnak, kale giro aparta eta ikuskizunak kontaezin gozatuko dituztela.

Aretxabaletan esaten den bezala, gaur, egubakoitzean, kantu afaria, Zirika Zirkus taldearen «Dantzateke» emanaldia ala herriko gaiteroekin batera erraldoi eta buruhandien kale bueltak izango diren arren, egun handia, kaleak jendez lepo, gustu partikularrendako eskaintzak nonahi bihar izango dira, larunbatean, zapatuan. Dinamismoaren eta bizitasunaren eztanda iragarri ahal da, bai.

Feria ez, feriak

Hamarretan, herriko txistularien dianaren ondoren, Durana kalean Artisau eta Nekazaritza Ekologikoaren feria eta Arlutz kantxan Aretxabaletako I. Ganadu Feria izango dira. Kalean gora kalean behera, gazte eta zahar, eme ala ar, ez dira faltako begiak dibertitzeko aukerak, detaile gisara oparitxoa erosteko marabillak edo betirako argazkia ateratzeko flashak.

Eta begiak bezala, dastamena dibertitzeko eta urdaila goxotzeko aukerak ere ugariak izango dira. Goizean zehar, Tril emakume taldeak antolatuta Talo Txosna egongo da, kaleetan Leizarra musika eskolako trikitilariak, Basotxo elkarteko abesbatza kantuz kalean, txalaparta eta joaldunak Iturrigorri frontoian herri bazkariari bide emateko. Bertan, indarrak berritu ala are xahutu, herri giro alaia bermatuta dago.

Arratsaldean, Beinke-Loramendi taldearen dantza emanaldia egongo da, ondoren herriko plazan Ai Ene taldearekin dantzaldia eta hortik aurrerakoak norberaren gustu eta aukeren araberakoak. Ordurako jendea aski txispatua, eskualdeko bisitariak ugari eta gau giro latza ibiliko da. Gautxorien saldoak gora eta behera, martxa polita oso. Nahi eta behar duena- rentzat, gainera, Ai Laket! elkarteak Testing programaren barruan droga-kontsumoari lotutako arriskuak murrizteko prebentzio ekintza egingo du.

Domekan segituko du jaiak. Herri kirolak plazan, trontza, txinga eta lokotx bilketa, aizkolariak, harri-jasotzaileak. Bazkalostean XXI. San Migel mus txapelketa, eta jaiei akabera emateko, arratsaldeko zazpietan, herriko abesbatza Mikel Deunaren kontzertu plazan.

Ongi pasa bada sanmigelak, inorekin pasatu gabe, tope-topera gozatuz. «Atxabaltarrek» egiten dituzten ametsen neurrikoak izan daitezela.

KANTUZ KALEAN

Eibar eta Arrasateko erretiratuen elkarteetako abesbatzekin batera, Basotxo elkartekoak ere kantuan jarriko ditu bazterrak, trikitilariak, txalapartariak eta joaldunak kalean gora eta behera dabiltzan bitartean.

TESTING PROGRAMA

Gautxoriak saldoan eta pasioak pil-pilean dabiltzan unean, Ai Laket! elkarteak Testing programaren barruan droga-kontsumoari lotutako arriskuak murrizteko prebentzio ekintza egingo du Mitarte kalean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo