GARA > Idatzia > Kultura

Marabilli sormen festibala bueltan dator, izaera kritikoaz eta herrikoiaz

p048_f02_89x125.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Bueltan dator Aitzol Aramaio zinemagile ondarroarraren omenez iaz sortutako Marabilli festibala, helburuen artean duelarik jaialdia bera finkatzea. Izan ere, Kirmen Uribe idazleak, antolatzaileetako bat ere badenak, adierazi zuen bezala, jaialdiak jarraipena izan behar duelakoan daude, ezin baitu izan «urte bakarreko lorea».

Iaz bezala, Bilboko Kafe Antzokia izan zen bigarren jaialdi honetako helburuak eta programa aurkezteko aukeratu zuten tokia.

Urriaren 10etik 13ra bitartean iraungo du «arlo anitzeko» 22 ekitaldi dakartzan festibalak, eta agertoki nagusitzat Ondarroako kaleak izango ditu: festibala «herrikoia izatea, nahi dugu, Aitzol bezala», esan zuen Uribek aurtengo helburuak azaltzean. Jendearen parte-hartzea bultzatzea eta festibalak izaera kritikoa edukitzea dira helburuetako beste bi, azken batean mota guztietako «artelanak galderak eginez sortzen baitira», zehaztu zuen New Yorketik heldu berria zen idazle ondarroarrak.

Kalitatea eta izarrak

Antzerkia, literatura, musika, olerkia eta zinema dira, besteak beste, sormen arloan Euskal Herriak zeukan hutsunea betetzeko jaioa den jaialdiaren ardatzak.

«Izarrak» asko izango dira aurtengo edizio honetan, hara nola Fernando Leon de Aranoa eta Asier Altuna zinema zuzendariak, Kiko Veneno, Bide Ertzean eta Muchachito musikariak edota Ramon Chao idazle-kazetari galiziarra.

Izar asko egongo badira ere, «hain ezagunak ez direnak, hasiberriak» egotea ere nahi dute antolatzaileek, eta horietako asko egitarau «ofizialean» ez diren arren, bestelako ekimenak aurreikusita daude Marabilli Off atalean, jaialdiari eman nahi dioten izaera herrikoiarekin bat eginez.

Estreinaldiak ere izango dira Ondarroan. Besteak beste, Bide Onera zinema aretoak Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal, Mikel Valverde eta Kirmen Uriberen «Jainko txiki eta jostalari hura» ikuskizunaren aurrestrenaldia hartuko du.

Zinemak berebiziko protagonismoa izango du: arestian aipatutako zinemagileak ez ezik, bertan izango dira Mireia Gabilondo zuzendaria, Loli Astoreka aktorea eta Karmele Jaio idazlea «Amaren eskuak» filma aurkezten; ikusgai egongo dira ere 25 urte bete dituen Nestor Basterretxearen «Amalur» eta «Pura vida», Iñaki Otxoa de Olza mendigoizaleari buruzko dokumentala.

Egitarau osoa eskuragarri dago www.marabilli.re webgunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo