Top 14
Puntu premia handiarekin jokatuko da euskal derbia
Biarritz eta Aviron sailkapeneko azken bi postuetan daude, biak ere jaitsierako lekuetan aurkitzen dira.
Jon LEUNDA
Puntuen premia handiarekin jokatuko dute gaur 18.30ean Avironek eta Biarritzek Top 14ko lapurtarren arteko derbia. Zoritxarrez, gainera, sailkapeneko azken bi postuetan daude bi euskal taldeak. Biak ere jaitsierako postuetan daude.
Egoera oso larrian dabiltzan bi talde neurtuko dira gaur Baionan. Biak jaitsieran egonda, bientzat neurketa oso garrantzitsua da, baina oraindik eta garrantzitsuagoa izango da Biarritzentzat. Zuri-gorriak sailkapenean azken daude, 7 punturekin. Zazpi partidetatik bat irabazi eta gainerakoak galduta. Avironek bost puntu kentzen dizkio, eta Oyonnaxek sei. Beraz, gertatzen dena gertatzen dela, Biarritzek jaitsieran jarraituko du. Irabazita, puntu batzuk pilatu, eta gainerako taldeengana gerturatuko da. Galtzen badu, ordea, azkena jarraituko du, eta salbazioko postuak gero eta urrunago izango ditu.
Avironek, berriz, bi partida irabazi ditu, zazpi norgehiagoka jokatu eta gero, eta bost, berriz, galdu, nahiz eta puntu gehigarri batzuk ere batu dituen. Baionarren arazoa etxetik kanpo dago, ez baitu partidarik irabazten. Horrek etxekoetan irabaztera behartzen du taldea, baina orain bi aste hor ere huts egin zuen, eta orain jaitsieran sartuta dago.
Hala ere, bere egoera ez da Biarritzek duen bezain larria, nahiz eta egoera okertu egingo den, gaur derbia galtzen badu. Hala ere, jaitsieran geratu arren, aurrekoak ez lituzke oso aparte izango. Dena dela, Baionakoek garbi daukate gaur irabazi eta jaitsierako postuetatik ihes egin behar dutela.
Lapurtarren arteko derbiak berez dira bereziak, eskualdeko onena zein den erabakitzen dutelako hor, eta tartean gauza asko sartzen dira. Ez puntuak bakarrik, zale askoren sentimenduak gurutzatzen dira tartean, eta horrek partidari berotasun handia ematen dio.
Horri guztiari bi taldeek bizi duten egoera batzen baldin bazaio, oraindik eta neurketa garrantzitsuagoa bihurtzen da. Aviron azken urte hauetan behin baino gehiagotan egon da orain dagoen egoeran, baina gaur egun Biarritzek dituen zale gazteek ez dute inoiz ezagutu orain bizi duten egoera larri hau.
Derbiak beti dira bereziak, baina iaz Aviron nagusi atera zen. Gaur etxean arituko da, eta normalean Baionakoak Jean Dauguerren indartsuak dira, eta Biarritz, berriz, presio ikaragarriarekin joango da Lapurdiko hiriburura. Hori guztia kontuan hartuta, Baionako taldea aterako da irabazteko faboritoa.