Seriotasunez helduko ote diote klima aldaketari?
Klima aldaketaren gaineko ohartarazpenak hitz eta tinta ugari isurarazi ditu azken urteotan, alferrik isurarazi ere, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak ezagutarazi berri duen txostenaren arabera. Bertan agertzen diren datuak 2007ko txostenekoak baino fidagarriagoak dira, baina baita kezkagarriagoak ere. Alegia, txostenaren iragarpenak ordukoak baino txarragoak dira, eta oinarri sendoagoa dute.
Datu kezkagarri horiek ez dira harritzekoak, ordea. Izan ere, ONUren lan talde horrek dioenez, duela sei urte emandako aholkuak nekez hartu dira aintzat. Hainbat natur fenomeno, hala nola uholdeak eta lehorteak, saihetsezintzat jotzen dira, baina txosten berriak argi erakusten du horrelako hondamenak ugarituz joan izan direla azken hamarkadetan, eta ia ziurtasun osoz dio erantzuleak giza jarduerak direla. Arrisku gero eta handiago horri aurre egiteko planak ezartzea premia bizikotzat jotzen du IPCCk, baina ikusteko dago munduko gobernuek arazoak eskatzen duen seriotasunez erantzungo duten ala konponbiderik ez dagoenean helduko dioten. Ez da nahikoa klima aldaketaren arriskuaz kontzientzia hartu beharra aldarrikatzea. Neurriak hartzeko ardura dutenek propaganda hutsaletik harago joan behar dute. Horiek izan behar dute kontzientzia hartzen lehenak, baita erakusten ere.